“Nor bizi liteke egun magiarik gabe, ameskeria apurtxo bat gabe?”

Méliès: mago baten istorioa
Georges Méliès Parisen jaio zen, 1861eko abenduaren 8an. Zinemaren hastapenetako filmegilerik garrantzitsuenetako bat bihurtu baino lehen, Georges Méliès gaitasun handiko magoa zen, eta halaxe izaten jarraitu zuen. Txikitatik gustatu zitzaizkion txotxongiloak, eta magiaren munduko bi maisurekin hasi zen trikimailuak ikasten: John Maskelyne eta David Devant.
Mentorea: Robert-Houdin
1888ko uztailean, Mélièsek aitaren aldeko familiaren dirua erabili zuen bere mentore Jean-Eugène Robert-Houdinen magia-antzoki txikia erosteko.
Bertan utzi zuen aske Mélièsek bere irudimen bizia lehen aldiz, trikimailu eta eszena labur txundigarri eta gogoangarriak eskainiz.
Zinematografoaren iritsiera
1895 bukaeran, Georges Mélièsek Lumière anaien zinematografoaren lehen aurkezpen publikoetako bat ikusi zuen, eta txundituta gelditu zen. Haren hitzetan, bai bera, bai gainerako ikusleak “aho zabalik gelditu ziren, harriduraren harriduraz zer esan ez zekitela”. Mélièsek berehala hauteman zuen “Lumière zinematografoaren” botere magiko eta ikusgarria.
Lehen urratsak zineman
Alabaina, Lumière anaiek uko egin zioten gailuaren kopia bat saltzeari, "asmakizun honek ez du etorkizunik" esanez. Zorionez, Mélièsek antzeko bertsio bat aurkitu zuen Londresen. Haren asmatzailea Robert William Paul zen, tresna zientifikoen egilea.

Handik urtebetera egin zuen Mélièsek bere lehen filma, baina Lumière anaienaren kopia bat baino ez zen. Handik gutxira, ordea, "Escamotage d'une dame au théâtre Robert-Houdin" (Emakume baten desagertzea, 1896) egin zuen, magiaren eta zinemaren arteko nahasketaren lan aitzindarietakoa izan zena.

Lehen filmak
Mélièsen unibertso maltzur eta bizkorrak beldurra eta barrea eragiten zituen (deabruak, eskeletoak, mamuak eta demonioak bizi-bizirik ageri ziren behartutako perspektibadun eszenetan); ikusleak harrapatuta zituen, eta gehiago eskatzen zioten.
Montreuil estudioak
Arrakasta-olatuari eusteko asmoz, Mélièsek zinema-estudio bat eraiki zuen familiak Montreuilen zituen onibarretan, Pariseko aldirietan, nahiz eta horrek kostu handia eragin. Aktoreentzako aldagelak, agertokiko materiala gordetzeko biltegia, tranpa-zuloak eta argia iragazteko ekipoak zituen estudioak, eta bertan egin zuen lan Mélièsek bere zinemagintza-ibilbidearen amaierara arte.
Jada ez da gelditzen berariaz eraikitako kristalezko estudio horren arrastorik. Era horretako lehenengo estudioa izan zen, baina Bigarren Mundu Gerraren ostean guztiz eraitsi zuten.
Trikimailu-filmak
Irudiak gainjartzea, gurutzatzeak, muntaiak, hondo beltzak, lerraketa bidezko lehen planoak, antzerkiko efektuak eta efektu piroteknikoak, ilusioak…
Kautxuzko burudun gizona
Mélièsen filmatzeko teknikek izugarrizko asmamena ezkutatzen zuten. "L'Homme à la tête de caoutchouc" (Kautxuzko burudun gizona) lanean, adibidez, kamera-efektuak eta perspektiba erabili zituen.
"Kautxuzko burua" izeneko efektua lortzeko, errailen gainean muntatutako orga bat erabili zuen. Aktorea eta orga kamerara hurbiltzen dira; kamera, berriz, ez da mugitzen. Orga leiarrerantz mugitzen denean, efektu areagotua lortzen da, eta alderantziz: urruntzen denean, efektu txikitua lortzen da.
Trikimailu-filmen bitartez, agertoki batean ezinezkoak izango liratekeen eszenak pantailan sortu ahal izan zituen Mélièsek: moztutako, zapaldutako eta lehertutako gorpuak erakustea; buruak eta gorputz-adarrak moztea subjektua oraindik ere bizirik dagoela; bikoizteak, ordezkoak itsastea, eraldatzea, gorputzei eta objektuei lebitaraztea…
Ilargirako bidaia
1902. urtea oso arrakastatsua izan zen Mélièsentzat; izan ere, urte horretan egin zuen "Le vovage dans la lune" (Ilargirako bidaia) filma. Hainbat inspirazio-iturri izan zituen; besteak beste, Jules Verne, H.G. Wells, jolas-parkeak eta operetak.

Hainbat hilabete behar izan zituen filmatzeko, baita finantzaketa handia ere. Filmak 260 metroko luzera zuen (13 minutu irauten zituen pantailan) eta 30 eszena zituen.

Trikimailu handinahi eta sinestezinak zituen, aurretik inoiz ikusi gabekoak. Filmak hankaz gora jarri zuen mundua, eta legez kanpoko kopia ugari egin zituzten, batez ere Estatu Batuetan; ondorioz, Mélièsek sukurtsal bat ireki behar izan zuen herrialde horretan, filmaren eskubideak babesteko.
Gainbehera
1908 izan zen Mélièsen ibilbidearen une gorena; 50 lan baino gehiago ekoitzi zituen urte hartan. Mélièsen gainbeheraren hasiera ere izan zen; 1912an bere azken 3 filmak egin zituen, Pathé ekoiztetxe famatuaren enkarguz. Ez zuten izan arrakastarik. Ikusleek ez zuten maitagarrien ipuin gehiago ikusi nahi; nahiago zuten Louis Feuilladeren errealismo poetikoa. Estatu Batuetan, berriz, David W. Griffith mundu osoko zinemagintzaren erritmoa ezartzen ari zen, eta Gerra Handia gero eta hurbilago zegoen… Pathé, Gaumont eta Éclair ekoiztetxe frantsesak erakunde handi bilakatu ziren, baina Mélièsek inoiz ez zuen nahi izan bere konpainia txiki independentea enpresa handi bilakatu.
Hondamena
1923an, Pathé ekoiztetxearekin zituen zorrak ordaindu ezinik, Mélièsek Montreuileko estudioa saldu behar izan zuen. Diru apur bat irabazteko, Pariseko Montparnasse geltokian gozokiak eta jostailuak saltzen hasi zen. Kazetari batek aurkitu zuen bertan, eta 1929an gala bat antolatu zen haren omenez. Handik hiru urtera, Méliès eta haren emazte Jehanne d’Alcy (1925ean ezkondu ziren) Zinema Elkarteak Orlyn zuen erretiratuentzako etxe batera joan ziren bizitzera. Parisen hil zen, 1938ko urtarrilaren 21ean.
Legatua
Mélièsek sortutako trikimailuak gaur egun digitalki egiten diren efektu berezien aurrekariak izan ziren. Hollywoodeko maisuek ez zuten inoiz ahaztu Méliès, eta Montreuileko magoak Pandoraren kutxa ireki zuela uste dute oraindik ere. Mélièsi egindako azken omenaldia, baita ikusgarriena ere, Martin Scorsesek 2011n zuzendu zuen "Hugo" filma da.
Bazkideak: teknika guztiak
Zenbait kasutan, hirugarren alderdi independenteek sortu izango dute istorioa, eta haiek ez dute zertan islatu edukia hornitzen duten erakundeen pentsamolde bera. (Hemen behean agertzen dira erakundeak.)
Itzuli Google-ren bidez
Orri nagusia
Arakatu
Inguruan
Profila