1935 - 2009

PORCELANAS BIDASOA GORDAILUAN

Gordailua, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa

Enpresa enblematikoa, nazioartean erreferentea bere portzelanaren kalitateagatik eta diseinu berritzaileengatik.

Gure bilduma: 6748 pieza
Gipuzkoako Foru Aldundiaren bilduma baliotsuenetako bat da Porcelanas Bidasoa, bai pieza kopuruagatik, bai piezen kalitate eta aniztasunagatik, eta prozesu luze baten emaitza da.

Bildumako lehenengo piezak zerga zorraren ordainean eman zituen 1994an portzelana enpresak. Produkzio artistikoko pieza sorta garrantzitsua da, produkzio industrialeko beste sorta batez lagundua, 1994an bertan zabaldu zena.

2011n, fabrika eraistear zegoela, intereseko material guztia bildu zen: piezak, moldeak, tresnak, dokumentazioa, makineria eta abar. Bilduma hau, bestalde, erositako eta dohaintzan jasotako piezekin osatzen joan da.

Bilakaera enpresarialak eragina izan zuen bere ekoizpenaren garapenean, eta, horrela, bost aro bereizi daitezke. Aro guztietan logotipo espezifiko bat agertzen da, zeina aldaketa batzuekin bada ere bereizgarri bilakatu den. Portzelana lantegiak, bere ibilbide osoan, nazioarteko aitortza izan du, eta horren adierazle dira izan zituen bezero kopurua zein bezeroen prestigioa, eta baita jasotako sari eta aintzatespenak.

Mahaira eramateko portzelana edo objektu apaingarriak, enpresarekin lankidetzan aritu ziren artista askok sinatuak.

Makineria eta lantegiak
Makina eta lan tresna asko ere kontserbatzen dira (igeltsuzko figurak, moldeak, eta abar). Irudian: lan-mahaia, igeltsu-irabiagailua, esmalte-errota, erreketa-labea.

Fabrikak makineria anitz eta ugaria izan zuen, portzelana egiteko eragiketa egitekotsuetarako beharrezkoa baitzen.

Irudian ikus dezakeguna moldegintza saileko zazpi postu dituen lan-mahai bat da. Moldeak zein igeltsu fin edo buztinezko piezak tornuan lantzeko erabiltzen zen.

Makina honekin prozesua errepika zitekeen, nahi ziren parametroak doitu ostean. Lan-sistema hori erabili zen prentsa isostatikoak (hidraulikoak) agertu ziren arte, orduan desagertu baitzen.

Katilu eta saltsaontzi berrien prototipoak egiteko eskuzko makina. Haren eskuinean, sail artistikoan erabiltzen zuten erreketa-labea (eskuz margotutako piezak).

Laborategia portzelanaren fabrikaziorako funtsezko instalazioetako bat zen. Laborategian portzelanaren osagaien inguruko frogak egiten ziren, erresistentzia eta testura nolakoak ziren jakiteko; kaolina beste materialekin konbinatuz, hainbat nahasketa desberdin egiten zituzten.

Argazkian agertzen diren kolore-frogak ere han egiten zituzten (esmalte geruza duten kolorezko plateren lagina).

Baxerak eta pieza apaingarriak
Hasiera hasieratik, Porcelanas Bidasoak bi ekoizpen lerro izan zituen: erabilgarria (baxerak eta mahaira eramatekoak, oso ondo saldu zirenak, batez ere ostalaritzari esker), eta artistikoa edo apaingarria.

Fabrikaren bigarren aroan (1948-1954), Porcelanas Bidasoa kalitate handiko piezak egiten hasi zen, desagertutako errege manufaktura europarren modeloak inspirazio iturri hartuta, hala nola Capodimonte napolitarrekoak eta Buen Retiro (1760-1808) eta Moncloa (1817-1850) espainiarretakoak.

Dekorazioa estalki gainekoa da: urre koloreko hariz, pieza bakoitzaren atalak markatzeko, eta arrosa, urre eta purpura koloreko zerrendez. Urre koloreko zerrendak landare-motiboak ditu.

Porcelanas Bidasoaren ezaugarri bereizgarrietako bat itsasontziekin eta itsasoarekin zerikusia zuten gaiak irudikatzea izan zen. Urdin kobalto kolorez margotutako itsas irudiak 1953koak dira.

Txarro hau Manuel Beneditok diseinatu zuen, fabrikako zuzendari artistikoak, eta José Guinartek margotu zuen eskuz.

Kalitate handiko lerro horretan, portzelana txinatar tradizionalean inspiratutako bukoiak egin ziren. Dekorazioa, kutsu orientalekoa hori ere, polikromatua edo urdin kobalto kolorekoa izan daiteke.

Pieza hau, kronologiaz, fabrikaren bigarren arokoa da (1948-1954); Aro horretan kalitate handiko dekorazio piezak egiten hasi ziren, beste garaietako formak eta dekorazioak berreskuratuz. Hala ere, batez ere Hirugarren Aroan (1954-1972) hasi ziren ekialdeko portzelanaren dekorazio teknikak erabiltzen.

Fabrikaren laugarren aroaren (1972-1986) ezaugarri nagusia berrikuntza izan zen, bai piezen diseinuari dagokionez (Bidasoa 80), bai dekorazio teknikei dagokienez. Hala ere, linea klasikoa ez zen alde batera utzi, eta teknikaren eta edertasunaren benetako erakustaldia egitea lortu zen. Horren adibide da Carlos IV modeloaren birsorkuntza.

Porcelanas Bidasoa fabrikak, baxerez gainera, natura eredutzat hartzen zuten objektuak fabrikatu zituen, dekoratzeko xede hutsarekin. Pieza horiek animalia-mundua eta landare-mundua zituzten inspirazio-iturri (argazkian dagoenak, animaliak). Moldez egiten ziren, ereduen forma eta kolorea zehazki erreproduzituz.

Horiek egiteko, enpresak bertako artista bikainenak zituen, prozesu guztia zuzentzeko edo prozesuaz arduratzeko: irudia egitea, moldeak, moldeatutako piezak elkartzea, eskuz pintatzea edo apaingarriak diseinatzea. Gainera, enpresak nazioarteko artista handien lankidetza izan zuen. Haien diseinuak, batez ere, baxera edo dekorazio-piezen diseinuan aplikatu ziren.

Concha Lacak Porcelanas Bidasoa fabrikan lan egin zuen (1952-1984).

Sortzeko gaitasun handia zuenez eta teknika ongi menderatzen zuenez, era guztietako dekorazio figurak fabrikatzeaz arduratu zen. Pieza horiek artistak berak diseinatzen zituen, eta baita eskuz margotu ere.

1955. urtetik aurrera, ohiko lanaz gain, fintasun handiko loreak ere egin zituen, irudian agertzen direnak bezalakoak. C. Laca, bi langileren laguntzarekin, prozesu osoaz arduratzen zen: piezen diseinuaz, fabrikazioaz eta dekorazioaz.

Loreei eskainitako serie hau, fintasun apartekoa, ez zegoen salgai. Izan ere, enpresak opari gisa erabiltzen zituen prestigiozko objektuak ziren. 1995ean Gipuzkoako Foru Aldundiak Concha Laca Gipuzkoako Artisau Kutun izendatu zuen.

Gordailuak irudi hauek ere baditu, igeltsuzko eskulturaren prestaketarekin hasten den prozesu egitekotsuaren emaitza. Moldeak egiteko erabili zen jatorrizko eskultura C. Laca artistak egindakoa da. Irudiak igeltsuzko moldeetan oinarrituz eraikitzen dira, pieza bakoitza hainbat zatitan banatuz.

Moldeetan irudi baten zati guztiak egin ostean, elkartu egiten dira irudia egiteko. Jarraian labean sartzen da (800 º C), bizkotxozko irudia sortuz. Prozesu horretan piezak bolumenaren % 30 inguru galtzen du.

Gero, eskuz margotzen dira (kasu honetan bezalaxe) edo kalkomaniak finkatuz apaintzen dira, eta berriz labean sartzen dira (1300 º C), kolorea edo apaingarriak finkatzeko.

Piezak merkaturatzeko, zigilatu eta identifikatu egin behar ziren, eta horretarako beharrezkoak ziren tanpoiak. Porcelanas Bidasoa fabrikako tanpoiek ere badute bere lekua Gordailuan.

Porcelanas Bidasoa, euskal portzelana fabriketatik jardunean zirauen azkena, bikaintasunaren eredu, 2011n itxi eta abandonatu zen. Gutxira, eraikina eraitsi egin zen.

Gordailua, Centro de Colecciones Patrimoniales de Gipuzkoa
Egileak: istorioa

GORDAILUA
Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa
Gipuzkoako Foru Aldundia

Gordailuko instalazioen argazkiak: Oscar Morenok atereak.

Piezen argazkiak: Saioa Cano (Garoa), Giorgio Studer (Gordailua), et al.

Bazkideak: teknika guztiak
Zenbait kasutan, hirugarren alderdi independenteek sortu izango dute istorioa, eta haiek ez dute zertan islatu edukia hornitzen duten erakundeen pentsamolde bera. (Hemen behean agertzen dira erakundeak.)
Itzuli Google-ren bidez
Orri nagusia
Arakatu
Inguruan
Profila