Gordailuko bilduma etnografikoak: han eta hemen

Gordailua, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa

Erakusketa txiki honetan, mendez mende bertakoen eta kanpokoen arteko harremanetatik sortutako euskal kultur ondarearen lagin bat dago ikusgai.

Pertsonak eta ideiak ez dira batetik bestera mugitzen diren bakarrak; materialak, formak eta teknikak ere lekuz aldatzen dira. Historiaurretik gaur egunera, gure ondarea osatzen duten objektuek adierazten digute euskal kultura ez dela Euskal Herrira mugatu.

Dena ez da lana
Aisiak lanak adina edo gehiago hitz egiten du gutaz. Lanen bidez, geure beharrak, baliabideak eta aurrerapen teknikoak adierazten ditugu. Gure aisiak, aldiz, gizarte- eta kultura-joerak, tokian tokiko ohiturak eta gauza berrienganako interesa azaltzen ditu.

Herri txikian edo hiri handian, bertako materialez edo zur exotikoz eginik, txistua da euskal musika-tresnarik ezagunena. Horrelako txirulak, ordea, kontinente guztietan ezagutzen dira.

Dultzaina oboeen familiako musika-tresna da, jatorri arabiarrekoa. Oso hedatua dago Mediterraneo aldeko herrietako festetan, bai eta, gutxiago, isurialde atlantikoan ere.

Alboka klarineteen familiakoa da. Arabierazko “al-buk” (tronpeta-edo) hitzetik dator.

Baserri giroan erabiltzen zen, dantzarako gehienbat. XX. mendean gero eta gutxiago jotzen zen arren, protagonismoa berreskuratu du azken hamarkadetan.

XIX. mendearen erdialdean, Espainiako errege-familia eta gorteko kideak udaldiak Donostian egiten hasi ziren. Napoleon III.a eta haren emazte Eugenia de Montijo ere orduan hasi ziren udak Biarritzeko hondartza eta bainuetxeetan igarotzen. Harrez geroztik goitik behera aldatu zen euskal kostaldearen historia.

Turismoak iraultza eragin zuen kostaldeko herrietako ekonomian, hirigintzan, gizartearen osaeran, ohituretan... Erakundeen arteko harremanek ere nabarmen egin zuten hobera.

Didier Petit de Meurville kontsul frantses eta margolari bikainak ederki dokumentatu zuen Donostiaren bilakaera, harresipeko herri izatetik hiri kosmopolita izatera pasa baitzen.

Besteena geure egitea
Hemengo lana errazago egiteko, hainbat produktu inportatu izan da. Batzuetan, produktu propioak sortu dira kanpoko produktuen bidez; beste batzuetan, berriz, zuzenean ekarri izan dira kanpotik, hobeak edo merkeagoak izaki.

Makineria industrialaren aurrerapenak bertako artisau-tresnetan ere aplika zitezkeen. Artisautzaren gainbeheraren ondorioz, aldiz, zaharkituta geratu dira noizbait berritzaileak izandako tresnak; adibidez, zahagiak puzteko hauspo hau, Bordelen egina.

Traktoreak Europako eta Amerikako lautada handietarako sortu ziren. Euskal baserrien mekanizazioa berandu iritsi zen, ustiapen txikiak eta lur menditsuak nagusitzen dira eta.

Meatzaritzan, metalurgian, ontzigintzan eta portuen garapenean oinarritutako euskal industrializazioak batez ere Ingalaterra izan zuen eredu.

Untzi Museoak jasotako urpekari-ekipoa jatorriz Pasaiako portukoa da, baina Londresen egina.

Denak ez dira berdinak: grisu gasaren eztanda-arriskua gutxitzeko, argiontzi mota berezi bat sortu zuten. Diseinu ingelesa zuen, eta nonahi erabilia, baita Euskal Herriko meategietan ere.

Antzinatik, hainbat motatako balantzak erabili izan dira mundu osoan, baina doitasun-balantza Suitzakoa da. Zurichen egiten zen, hain zuzen.

Paperaren fabrikazioa –artisau-eran lehenengo eta era industrialean ondoren– jarduera ekonomiko oso garrantzitsua izan zen Tolosaldean.

Paperaren garapenak lotura estua izan du inprentarekin. “Minerva” inprenta zabaldu zen gehien, praktikoa eta merkea zelako. Foru Aldundiaren inprenta hau Hispania markakoa da, Bartzelonan egina.

Etxean egina
Mendez mende, euskal manufakturak –eskuzkoak zein industrialak– barne-kontsumorako nahiz esportatzeko ekoitzi izan dira. Bertako teknikak nahiz kanpokoak erabiliz, gure mugetatik kanpo ere ezagunak egin diren produktuak sortu ditu Euskal Herriak.

Elgoibarren, XVI. mendean, jadanik bazen erlojugintzako tailer bat, gaur egungo San Bartolome eliza eta bere kanpandorrea eraiki baino bi mende lehenago.

Penduluaren bidez, zehatzago neur zitekeen denbora. Holandan XVII. mendean sortutako penduluaren teknika azkar hedatu zen Europa osoko tailerretan, baita Euskal Herrikoetan ere.

XX. mendean, etxeko ohiko tresna bihurtu zen ordularia. Ondorioz, asko zabaldu ziren erlojugileen tailerrak; artisau-erakoak lehenengo, eta industrialak ondoren.

Portzelana oso antzinakoa da, jatorri txinatarrekoa. Dena den, XIX. mendearen erdi aldera "Porcelanas de Pasajes" fabrika sortu zutenak Limoges-ko zeramikariak izan ziren, hiri hura baita oraindik ere Frantziako portzelanaren erreferente nagusietakoa.

Arabako industria garrantzitsuenetakoa nekazaritza-tresnen mekanizazioa izan zen. Europan barrena hedatu ziren Araban egindako goldeak, haize-makinak, gari-jotzeko makinak, segagailuak, belar-iraulgailuak ...

Zumaiako portu txikian, itsasontzietarako motorrak fabrikatzen hasi zen “Yeregui Hermanos” enpresa. Urte gutxiren buruan, fabrikazio-lizentziak Norvegiako enpresekin partekatzen zituen, eta itsasontzietarako diesel-motorretan espezializatu zen.

Etxeko atarian apaingarri nahiz Japonian erakusgarri, leihoetakoak nahiz tren-geltoki bateko fatxadakoak, Irungo Unión de Artistas Vidrieros enpresak beirazko milaka pieza egin zituen 1934. eta 2009. urteen artean.

Nongoak dira?
Lehengai, teknika, giza baliabide, banaketa-kate eta abarren sarea oso konplexua izan daiteke. Gero eta zailagoa da gauzen jatorria zehaztea... Baina ez da fenomeno berria.

Bizikleta ez da “asmakizun” bat izan, duela bi mende Alemanian sortutako tramankulu bati garai eta herrialde desberdinetan egindako ekarpenen bidez sortutako gailua baizik. Ibilgailu huts bat izan daiteke, edo kirol-tresna, edo jostailua.

Trizikloa, aldiz, teorikoki askoz lehenagokoa izan arren, apenas garatu den.

Nongoa da bizikleta? Eibarren (Gipuzkoa) eta Coventry-n (Ingalaterra) egindakoak bereizteko, marka komertzialari erreparatu behar zaio.

Altzairuaren kalitateak ospe handia eman zien Euskal Herrian egindako armei –ez Eibarkoei bakarrik–. Baina ez ziren ospetsu bakarrak: Toledo (Espainia) eta Solingen (Alemania) ere ezagunak dira beren arma zuriengatik.

Kantauri itsasotik mundu osoko etxeetako mahaietara: euskal portuen eta arrantza-ontzi tradizionalen marrazkiak ageri ohi dira hizkuntza desberdinetako testuen alboan. Gure kontserba-industriako marka asko bertako eta Italiako abizenetatik datoz.

Hamarkadatan, bertako enpresetan egindako sifoiak erabili izan dira Tolosaldeko eta Goierriko eskualdeetan (Gipuzkoa), baina horiek egiteko makineria Bartzelonatik ekartzen zen.

Gordailua, Centro de Colecciones Patrimoniales de Gipuzkoa
Egileak: istorioa

GORDAILUA

Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa
Gipuzkoako Foru Aldundia

Bazkideak: teknika guztiak
Zenbait kasutan, hirugarren alderdi independenteek sortu izango dute istorioa, eta haiek ez dute zertan islatu edukia hornitzen duten erakundeen pentsamolde bera. (Hemen behean agertzen dira erakundeak.)
Itzuli Google-ren bidez
Orri nagusia
Arakatu
Inguruan
Profila