Arkeologia eta Paleontologia Gordailuan

Gordailua, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa

Gordailua Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa da eta gure lurraldeko ondare higigarria bertan gordetzen da. Erakusketa txiki honen bitartez, bildumako pieza arkeologikorik esanguratsuenetako batzuk ezagutzera gonbidatzen zaitugu.

Harriak, zeramikak, metalak, hezurrak... Gordailuan zaintzen diren milaka objektuen artean, Gipuzkoako esku hartze arkeologikoetan aurkitutako objektuak ere badaude. Horien bitartez, gure Historiaren hainbat xehetasun ezagutzeko aukera daukagu.

Gizakiak Kuaternarioan azaldu ziren Lurrean (duela 2,59 milioitik 11000ra bitartean), Pleistozenoaren eta Holozenoaren artean banatzen den aro geologikoan. Gipuzkoan azaldu diren materialik zaharrenek 300 000 urte inguru dituzte, Paleolitoaren hasierakoak dira (Behe Paleolitikoak), kobazuloetan eta aire zabaleko habitatetan aurkituak.

Gordailuaren bilduma paleontologiko garrantzitsuak ere haitzuloetan du jatorria; Panthera spelaea edo haitzuloetako lehoiaren garezur hau nabarmentzekoa da. Eskeletoa, ia osorik, Arrikrutzeko haitzuloaren barne galeria batean azaldu zen, eta Europan aurkitu duten osatuenetako bat da. Espezie hau 670 000 eta 12000 urteen artean bizi izan zen gure kontinentean.

Erdi Paleolitoa
Erdi Paleolitoari buruz (130 000tik 36000 urtera bitartean) informazio eta material gehiago dugu. Aro honetan, Paleolito osoan bezala, komunitateak ehizatik eta fruitu bilketatik bizi ziren.

Harriz, zurez eta abarrez eginiko tresnak ere fabrikatzen zituzten, aurpegibiko hau bezala; Lezetxiki haitzuloaren Moustier aldiko mailan aurkitua, tresna honek hainbat erabilera zituen.

Amaldako haitzuloa ere aterpe gisa balio izan zuen Erdi Paleolitoan. Hortik dator pieza berezi hau eta limaza edo "limace" du izena.

Suharriz landua, tresna hau haragia, larrua, zura, egurra, e.a. ebaki, higatu eta karraskatzeko erabiliko zen. Pieza berrerabiltzeko hainbat berpizte egin zitzaizkion.

Goi Paleolitoa: Solutre aldia
Duela 36000 urte gutxi gorabehera, Homo sapiens neanderthalensis desagertu egin zen, eta Europan espezie berri bat agertu zen: Homo sapiens sapiens edo Cro-Magnon, gure espeziea. Gizaki hauek euren tresneria dibertsifikatu eta artearekin eta sinesteekin erlazionaturik dauden jarduerak garatu zituzten modu nabarmen batez.

Goi Paleolitoa hainbat alditan banatu da hura hobeto ikertzeko, eta hemen aurkezten dugun punta, "erramu hosto" motakoa, Solutre aldikoa da (20000 - 17000 urte). Aldi horretan maila tekniko izugarri altua lortu zen suharri lanketan.

Goi Paleolitoaren bukaera aldera, duela 17000 - 1100 urte, Madeleine aldian zehar, arteak goi mailako espresioa erdietsi zuen. Haitzuloetako hormetan edo pieza higigarrietan animaliak, zeinuak edota giza irudiak margotu eta grabatu ziren, zenbaitetan errealismo handiz.

Haien funtzioa ezezaguna bada ere, jarduera hau sinesteen munduarekin egongo zen lotuta.

Ekaingo haitzuloan aurkitutako plaketa hau Gipuzkoako arte higigarriaren garrantzitsuenetako bat da. Kareharrizko plaka batean bikain irudikaturik daude ahuntz piriniotar baten aurrealdeak...

... orein batenak eta zaldi batenak.

Grabatu bidez eginak daude, ezin hobeki.

Aldi berean, hezur industriaren piezarik ugarienak Madeleine aldikoak dira. Orein edo elur orein baten adarrean landuriko arpoi hau Aitzbitarte IV haitzulokoa da; egurrezko gider batean sartuta, ehizarako eta arrantzarako erabiliko zen.

Neolitoa
Holozenoan jada, duela 6700 urte gutxi gorabehera, gizakiaren oinarri ekonomikoa erabat aldatu zen gure lurraldean. Ehizatik eta fruitu bilketatik bizitzetik nekazaritzara eta abeltzaintzara igaro zen, eta, horrekin batera, bizimoduak ere aldatu egin ziren. Neolitoan zehar lehendabiziko herri sedentarioak azaldu ziren material berriekin; esaterako, ontzi zeramikoak edo tresna leunduak, Udalaitzeko aizkora hau kasu.
Metal Aroa: Kalkolitikoa - Brontze Zaharra
Eredu ekonomiko honen barruan, Kalkolitikoan (duela 4500 - 3800 urte) metalurgia heldu zen gure lurraldera. Hasieran kobrea eta urrea landu baziren ere, Brontze Aroan zehar (3800-288 urte) brontzea eta beste brontze-aleazio batzuk erabili ziren.

Garai horietan hildakoak kobetan edo megalitoetan (trikuharri eta tumuluetan) ehorzten ziren. Zenbaitetan, ostilamenduak aurkitu izan dira hezurduren ondoan; adibidez, Iruaxpe I haitzuloko 9 iduneko ale hauek.

Garai bertsuan, Kalkolitikoaren bukaeran eta Brontze Zaharraren hasieran, kanpai formako izeneko kultur multzoa garatu zen Europan. Ezer gutxi ezagutzen da kultura edo fenomeno honi buruz, baina ehorztokietan, batez ere zistetan, ostilamendu oso berezia utzi zuten.

Ostilamendu horretatik nabarmentzekoak dira kanpai formako ontziak, kultura honi izena eman diotenak; adibidez, Pagobakoitzako trikuharrian ia osorik aurkitutako ale hau. Ontzi hauen dekorazioa zinez adierazkorra da.

Azken Brontzean teknika metalurgikoek hobera egin zuten, eta aurrerakada handiak egin ziren metalezko erreminten eta armen tipologietan. Aizkoren kasuan, adibidez, elementu berriak gehituz joan ziren, pieza eta kirtena elkarri hobeto atxikitzeko.

Burdin Aroa
Historiaurrearen amaiera Burdin Aro izenarekin ezagun da, eta duela 2800 urtetik Aro-aldaketara arte iraun zuen gutxi gorabehera, hau da, erromatarrek gure lurraldea menderatu zuten arte. Duela 2500 urte gutxi gorabehera hasi zen burdina lantzen gurean, eta metal berri honekin mota guztietako tresnak, lanabesak eta armak fabrikatu ziren, kobrea edo brontzea baino egokiagoa baitzen horretarako.

Dena den, bi metal hauek ez ziren guztiz baztertu, jarraitu baitzen erabiltzen, batez ere apaindurak egiteko. Munoaundiko herri harresituan aurkitutako fibula hau lekuko. Pieza hau erabiltzen zen arropa orratz baten bidez lotzeko.

Herrixka hauetan ohiko jarduerak batez ere nekazaritzan eta abeltzaintzan oinarritzen ziren, baina beste hainbat produktu ere fabrikatzen ziren, besteak beste, metalak, zeramikak, ehunak, e.a. Horrez gain, urruneko merkataritza-jarduera agerian jartzen duten hondakinak ere dokumentatu dira; esaterako, lepoko ale eder hau.

Aro aldaketa: Erromanizazioa
Aro aldaketarekin batera gutxi gorabehera, gure lurraldeko antolamendua erabat aldatu zen. Iberiar Penintsula eta Europako zati handi bat erromatarren mende gelditu ziren; Burdin Aroan eraikitako herri harresituak desagertu ziren eta biztanleak Erromako interesen arabera berrantolatu ziren. Garai honetako kokagune batzuk lokalizatu dira kostaldean, Oiasso kasu, erromatarren antolakuntzaren eta tekniken arabera eraikiak.

Merkataritzarako batez ere kabotajea erabiltzen zen, eta horren lekuko ditugu itsas hondoan aurkitutako brontzezko ezarkin hauek. Sinesteetan egon zen aldaketaren berri ematen diguten erromatar jainkoak irudikatzen dituzte. Aro aldaketaren ostean, II. mende aldera gutxi gorabehera, hondoak jo zuen itsasontzi batean garraiatzen ari ziren zurezko kutxa baten parte izango ziren ziur aski.

Erromatarrek moda eta teknologia berriak ere ekarri zituzten beraiekin. Terra sigillatazko gopor honek Oiasso hiriko portua zegoen lekuan du jatorria. Landare-motiboak dituzten zerrendekin dekoraturik dago.

Erdi Aroa
Inperio Erromatarra behin desagertuta, V. mendeaz geroztik gutxi gorabehera, Erdi Aro izenekoan sartzen gara. Gipuzkoan batez ere azken mendeei buruzko informazioa daukagu, hau da, Behe Erdi Aroari buruz (XI-XIV. mendeak). Aztarnategirik garrantzitsuenetan gazteluak nabarmentzen dira, bertan arma ugari lokalizatu baitira, esaterako, Jentilbaratzako balezta-punta hau.

Gertuko beste gaztelu batean, Ausa Gaztelun, esferaerdiko burdinazko kasko bat aurkitu zen, hau ere Behe Erdi Arokoa. Ertzean zulo txiki batzuk ditu, sarezko kota eta kaskoa lotzeko eta horrela buruaren gainerakoa eta lepoa hobeto babesteko.

Bi gaztelu hauek Aralar iparraldean daude eta garrantzi handia izan zuten Iruñea-Nafarroako Erresumaren eta Gaztelako Erresumaren arteko gatazketan, baita Bandoen arteko gerretan ere.

Baina guztia ez zen armamentua. Gaztelu hauetan askotan topatzen ditugu apaingarriak edo apaindutako objektuak. Esaterako, Mendikuteko gazteluan urre koloreko tatxet bozeldu hau aurkitu dugu.

Aro Modernoa
Eta, amaitzeko, Aro Modernoa. Hiribilduetan Ahaide Nagusiak pixkanaka boterea galtzen hasi ziren. Klase berri bat sortzen ari zen, merkatariek gero eta protagonismo handiagoa hartu baitzuten. Eta euren aztarna utzi zuten erregistro arkeologikoan, moda berriekin; adibidez, XVI-XVII. mendeetako zeramikazko katilu hau.

Urre koloreko lozazkoa da; tradizioz hispaniar eta arabiarra, ziur aski Muelgo lantegi mudejarrean (Zaragoza, Aragoi) fabrikatu zen. Dekorazio geometrikoa eta belarri formako heldulekuak ditu.

Hiribilduetan hau bezalako pipak oso erabiliak ziren. Ale hau XVIII. mendekoa da, baina Europan XVI. mendetik XX. mende hasierara arte erabili dira. Buztinez eginak dira, eta zehatzago esanda, kaolinez, molde batekin. Kasu honetan, landare apaindurak ditu.

Lagin hauekin ez dira amaitzen Gordailuko objektuen zerrenda, gai eta tipologia ugariko piezak baitaude, era guztietakoak. Baldintzarik onenetan kontserbatzen dira, ikerkuntza sustatzeko eta aldi berean gure ondarea etorkizuneko belaunaldiei helarazteko.

Gordailua, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa
Egileak: istorioa

GORDAILUA
Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa
Gipuzkoako Foru Aldundia

Gordailuko instalazioen argazkiak: Oscar Morenok atereak.

Pieza arkeologikoen argazkiak: Saioa Cano (Garoa) eta Giorgio Studer (Gordailua)

Ekaingo plaketaren fotomuntatzea, Javier Salaverríaren marrazkian oinarritua (Barandiaran, Altuna, 1977)

Bazkideak: teknika guztiak
Zenbait kasutan, hirugarren alderdi independenteek sortu izango dute istorioa, eta haiek ez dute zertan islatu edukia hornitzen duten erakundeen pentsamolde bera. (Hemen behean agertzen dira erakundeak.)
Itzuli Google-ren bidez
Orri nagusia
Arakatu
Inguruan
Profila