Gordailuko bilduma etnografikoak: lana

Gordailua, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa

Erakusketa txiki honek lanari erreparatzen dio; hartara, industriaurreko euskal tresna eta erreminta zenbait ikusgai jartzen du.

Lan eta jan, jan eta lan esaerak oinarrizkoena –jatekoa– lortzeko ere ahalegin handia egin behar zen garaietara garamatza. Izan ere, garai haietan lan guztiak eskuz edo animalien laguntzaz egiten ziren.

Eskuzko lana
Industria garatu ahala, artisau-jarduerek garrantzia galdu zuten, seriean fabrikatutako produktuek eskuz egindakoak ordeztu ez ezik, jarduera ekonomiko berriek lehengo lanbide zahar asko baztertu zutelako.

Lanbide batzuek ozta-ozta iraun zuten, eskaintzen zituzten produktuak jadanik erabiltzen ez zirelako edo industrialki fabrikatzen zirelako, ia beti beste material batzuk erabiliz (saskigintza kasu).

Saskiak asko erabiltzen ziren mota guztietako produktuak kontserbatzeko edo leku batetik bestera eramateko, baserrietan, merkatuetan, okindegietan, arrain-salmenta ibiltarian, etab.

Materialak aldatzeaz gainera, garraiobideen mekanizazioaren eraginez, saskigintzako produktu zehatz batzuk ia erabat desagertu dira; hala nola, arrain bakoitzerako saski bereziak edo zamariei jartzen zitzaizkienak.

Kasuren batean, lanbideari eusteak aukera ematen du beste produktu mota bat eskaintzeko, seriean fabrikatutakoa ez bezalakoa. Adibidez, artisau-eran egindako ehunak bakarrak eta esklusiboak dira, erabilitako materialagatik eta eskulanagatik.

Ehungintza izan zen industrializatutako lehenengo jarduera ekonomikoa, XVIII. mendean. Hala ere, XX. mendearen hasierara arte, eskuz iruten jarraitu zuten emakumeek, zituzten baliabide ekonomiko urrien osagai: “arian-arian haria egiten da".

Goruak ugariak ziren, baina tornu gutxi aurkitzen zen, gailu berezia baita, zuntzak ehun bihurtzeko prozesu luze eta neketsuan ehundegian irazkia egiteko ez bestetarako erabilia.

Ehungintzarekin loturiko lan guztietatik, ehulearen beraren lanbidea izan da gizonezkoek egin izan duten bakarra, hain zuzen ere.

Sukaldaritza bezala, joskintza tradizionalki emakumeen lana izan da, eta ia beti anonimoa. XX. mendean, ordea, "moda" sortzearekin batera, jostun batzuen izenak oso ezagunak egin ziren, ia beti gizonezkoenak, sukaldaritzan bezalaxe hori ere.

Produktu industrialekin eskuz lan egitea
Eskuzko tresna gehienak ez dira desagertu, baina material eta fabrikazio-teknika industrialez eginak dira. Legazpiko (Gipuzkoa) Patricio Echeverría fabrika ezagunaren “Bellota” marka da horren adibide onenetakoa.


Euskal Herriko burdinoletan egindako produktu garrantzitsuenetakoak aingura handiak izan baziren ere, gehien-gehienak xumeak izaten ziren, material sinpleez eginak; haatik, oso praktikoak ziren, eta orain dela gutxira arte erabili izan dira.

Makina batzuek oso antzekoak izaten jarraitzen dute. Gaur egungoek motorra izaten dute, eta errazago garbitzen diren materialez eginda (adibidez, altzairu herdoilgaitzez); baina, gainerakoan, formaz eta funtzioz oso antzekoak dira.

Basoko lanak duela zenbait hamarkada mekanizatu ziren (zuhaitzen mozketa, garraioa, zuraren tratamendua... ).

Euskal Herriko aizkorek, modu industrialean fabrikatuagatik ere, eusten diote bere-berezko itxurari. Oraindik orain erabiltzen dira noizean behingo lan txikietan eta aizkolari-probetan.

Aizkorak ez bezala, bi lagunen artean enborrak mozteko erabiltzen ziren zerrak, arpanak, trontzak, ia erabat desagertu dira.

Motozerrek hartu zuten haien lekua, eta herri-kiroletako erakustaldi edo lehia batzuetan baino ez dira erabiltzen.

Tresnarik moldakorrena
Hautsi, ireki, zulatu, zapaldu, zorroztu nahi den zerbait kolpekatzea da, agian, jarduera eraldatzailerik zaharrena. Sinple bezain eraginkor, zahar bezain egungo; mailua beti egokitzen da zeregin jakinetara, materialaz, tamainaz, formaz, heldulekuaz…

Lanbide bakoitzak bere mailua dauka, eta, maiz, bat baino gehiago. Izan ere, zerbait egiteko, indar zehatz bat aplikatu behar da material jakin bakoitzaren gainazalean. Mailu hau Donostiako Platería Satostegui enpresakoa da.

Zapatagintzan ere, mailu mota bakoitzak funtzio jakin bat du. Gordailuan, bi zapatariren erremintak gordetzen dira; bata Donostiakoa zen, eta bestea, Burundakoa (Nafarroa).

Kasu batzuetan, tresna mantentzen da, baina kolpekatzeko gailua aldatzen zaio, oso erasana dagoelako edo efektu desberdinak lortu nahi direlako; adibidez, harria zulatzeko mutxarda-mailu hau.

Badago pertsona zehatz batentzat egindako mailurik ere. Halakoak, jabearen behar eta ezaugarrietara egokitzeaz gain, erabilera hutsaz haratago, prestigiozko tresnatzat har litezke.

Traste zaharra kultur ondare
Lanbide edo jardunbide batzuk desagertu diren neurrian, haiexei loturiko lanabes asko ondare bihurtu dira, lan haiek izan zuten garrantzia gaur egun ulertzen laguntzen digute eta.

Lehen, laia parea erabiltzen zen lurra goldatzeko. Gaur egun, ordea, tresna mekanikoekin edo erabilera gehiagoko beste tresna batzuekin goldatzen da lurra, baita baratze txikietan ere.

Ia ez da animaliek bultzatutako gurdirik ikusten, ezta baserrietan ere.

Desagertu baino askoz lehenago ere hasiak zitzaizkien gurdiei gurpil pneumatikoak jartzen, euskal gurdien bereizgarri ziren gurpil beteek asfaltozko errepideak narriatzen zituzten eta.

Batzuetan, artisau-ofizioa mantendu izan da produktuak eskaria duelako, nekazaritzan edo abeltzaintzan izandako aldaketa guztiak gorabehera. Adibidez, oraindik ere zintzarriak erabiltzen dira mendiko abereak non dauden jakiteko.

Era industrialean fabrikatuak badiren arren, zintzarriak egiteko ofizioak nolabait eutsi dio, bezero askok bere gustu eta beharretara egokitu nahi izaten baitu zintzarri bakoitzaren soinua.

Zumitzez egindako lepokoak ere ikusten dira oraindik, larruz eta beste material sintetiko batzuez egindakoez gainera.

Hala ere, abeltzainek jadanik ez dituzte pirograbatu bidez egiten apaingarriak –edo, agian, jadanik interpretatu ezin ditugun sinboloak–; orain margotu egiten dituzte.

Lanbide batzuk, mekanizatu gabe, aspaldi desagertu dira, gure inguruan bai, bederen. Lanbide haietan erabiltzen ziren objektuak etnografikotzat eta era berean historikotzat hartzen dira. Hori da, adibidez, balea arrantzatzeko tresnen kasua.

Beste jarduera batzuk, berriz, teorian ez dira praktikatzen, legez kanpokoak baitira. Hala eta guztiz ere, oraindik badira tranpak erabiltzen dituzten isileko ehiztariak.

Mugarriak berez ez dira desagertu, eta beren funtzioa betetzen jarraitzen baitute. Dena den, duela hainbat hamarkada hasi ziren harrizkoak ez baina zementuzkoak erabiltzen. Askotan, mugarri zaharrak ikusten dira berrien ondoan.

Saroiak lursail biribilak izaten ziren, erdian mugarri bat eta, hura inguratuz, beste hainbat izaten zituztenak. Lurrak mugatzeko modu hari aspaldi utzi zitzaionez, sarritan halako mugarriak jatorrizko tokitik erauzi dituzte.

Gordailua, Centro de Colecciones Patrimoniales de Gipuzkoa
Egileak: istorioa

GORDAILUA

Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa
Gipuzkoako Foru Aldundia

Bazkideak: teknika guztiak
Zenbait kasutan, hirugarren alderdi independenteek sortu izango dute istorioa, eta haiek ez dute zertan islatu edukia hornitzen duten erakundeen pentsamolde bera. (Hemen behean agertzen dira erakundeak.)
Itzuli Google-ren bidez
Orri nagusia
Arakatu
Inguruan
Profila