Gordailuko bilduma etnografikoak: etxea

Gordailua, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa

Erakusketa txiki honetan, bizikidetza-unitate nagusiarekin, etxearekin, loturiko elementu batzuk daude erakusgai.

Euskal tradizioan, “etxe” eta “familia” ia hitzak sinonimotzat hartu izan dira. Eta etxerik ez dago sukalderik gabe. Mendetan, suaren inguruan egin izan da bizimodua. Izan ere, sukaldea izan da belaunaldien arteko komunikazio-espazio nagusia.

Altzariak
Oheak, kutxa batzuk eta armairuren bat; mendetan, apenas zegoen altzari gehiago etxeetan, sukaldekoez gainera.

Ezkontzako arreoa xumea izan ohi zen, gehienetan gurdi bakar batean sartzeko modukoa. Ezkontzako errituen artean, emazteak etxe berrira eramango zituen altzariak eta arropa zuria erakusten zituen.

Kutxetan denetarik gordetzen zen. Kutxarik landuenak oheko arropa eta jantziak gordetzeko erabiltzen ziren.

Kutxa dugu euskal altzari peto-petotzat, Euskal Herritik kanpo ere hainbat lekutan erabiltzen zen arren. Badago ale dotorerik euskal kutxen artean. Gaur egun ez dago jakiterik aurrealdeetako irudiak sinbolikoak ote ziren, ala apaindura hutsak.

Funtzio praktikoagoko kutxek (zerealak eta lekaleak gordetzeko, janariak gatzetan kontserbatzeko... ) ia ez zuten apaingarririk izaten. Hala ere, hain kalitate onekoak izaten ziren, ezen Gordailuan gordetako batzuek lau mende baino gehiago baitituzte.

Armairuak funtzionalagoak ziren: leku gutxiago behar zuten eta gauza gehiago gorde zitekeen. Hala, etxeetan gero eta arruntagoak izan zirenez, XX. menderako ia ez zen kutxarik erabiltzen.

Denborarekin, oinarrizko altzari horiez gainera, mahaiak eta mahaiekin bat zetozen aulkiak erabiltzen hasi ziren, batez ere jangela sukaldetik kanpoko espazio bat bihurtzen hasi zenean.

Familiak ugariak zirenez, etxean eskorga edo taka-taka egoten zen, lehenengo pausoak ematen zituzten haurrak babesteko eskaileretatik, beheko sutik, tresnetatik, animalietatik..... Izan ere, etxea –baita sukaldea ere– laneko lekua izaten zen, gauza guztien gainetik.

Jende gehienak irakurtzen ez zekienez, idazmahaia, alegia, idazteko eta paperak gordetzeko altzaria familia dirudun gutxi batzuek bakarrik izaten zuten. Idazmahaiak, bada, luxuzko altzariak izaki, luxuz landuak eta apainduak izaten ziren.

Suaren inguruan
Hitzak adierazten duen moduan, sukaldea suaren inguruko espazioa da. Familia xumeek aberatsagoek baino gutxiago izango zuten, baina tresna batzuk sukalde guztietan egoten ziren.

Laratza esaten zitzaion ontziak, parrilak... suaren gainean jartzeko erabiltzen zen kateari. Hain sinplea izanagatik –edo, beharbada, horrexegatik–, etxea ondoen sinbolizatzen duen elementua da, familiako bizitza guztia haren inguruan egiten baitzen.

Laratzaren azpi-azpian, “suburdin” izenekoak egoten ziren, batzuek beste metal batez egindako erremateak izaten bazituzten ere. Egurra mugatu eta eusteko erabiltzen ziren eta, halaber, egurrari erretzen laguntzeko, azpialdetik airea pasatzea ahalbidetzen baitzuten.

Suaren eta laratzaren artean, berriz, pertzak eta janaria prestatzeko bestelako ontziak egoten ziren zintzilik. Kobrezko pertza handi eta gogorrak eguneroko janaria egiteko erabiltzen ziren.

Horregatik, ezkontzako arreoan egon ohi ziren, arropa zuriaz eta altzariez gainera.

XVIII. mendean, beheko suaren gainean tximinia jartzen hasi ziren etxe askotan; hasieran, sukaldearen erdian, eta, gerora, paretaren kontra. Horrekin batera, suaren atzeko txapa hasi zen hedatzen, harria babestu eta beroa banatzen laguntzen zuena.

Iruditeria herrikoian, lisaburdina edo plantxa bereziki emakumeei lotutako tresnatzat hartu izan da, agian, tradizionalki emakumeari egotzi izan zaizkion bi arlo biltzen dituelako: etxearekiko lotura eta arroparen zainketa.

Etxeetan ur korronterik ez zegoen garaietan, eta ura tximinian berotzeak egur-gastu handia eta lan nekeza zekartzanean, bainuontzia familia dirudun gutxi batzuen luxua zen (baita bainuontzi eramangarria ere).

Etxea elizan
Suaren, etxearen eta familiaren arteko lotura hain izan zen estua, ezen elizan ere islatzen baitzen. Elizan, familia bakoitzak lurperatzeko leku bat izaten zuen, non familia bakoitzeko etxekoandreak ogi- eta argi-eskaintzak egiten baitzizkien arbasoei.

Eliza barruko hilobiak etxeari loturiko jabegoak ziren, eta belaunaldiz belaunaldi heredatzen ziren, etxearekin batera. XVIII. mendearen amaiera aldera, hilerriak eraikitzen hasi ziren, arrazoi higienikoak zirela medio; alabaina, familiako hilobi zaharraren gainean esertzeko ohiturak luzaroan iraun zuen.

Elizaren barruan ez ezik, elizaren inguruan ere egoten ziren hilobiak, eta hilarriez markatu ohi ziren. Hilarriek kutxen eta argizaiolen antzeko irudiak izaten zituzten, apaindurazkoak baino, sinbolikoak, ziurrenik.

Argizaiolak oso ondo irudikatzen du sua familiaren sinbolo izatearen ideia. Izan ere, argizaiolak elizan pizten ziren, baina familia bakoitzak zuen berea, eta etxe bakoitzeko hildakoen alde errezatzeko bakarrik pizten zen.

Denborarekin forma praktikoagoak eta soilagoak hartu baditu ere, oraindik ere, euskal etnografiako objekturik berezienetakoa da argizaiola.

XX. mendearen amaiera aldera arte izan ziren serorak Euskal Herrian, elizak, ermitak eta barrukoak garbitzeaz eta mantentzeaz arduratzen ziren emakumeak. Hein batean, haiei esker iritsi zaigu ondare hori guztia, mendetako gerra eta suntsipenen gainetik.

Gordailua, Centro de Colecciones Patrimoniales de Gipuzkoa
Egileak: istorioa

GORDAILUA

Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa
Gipuzkoako Foru Aldundia

Bazkideak: teknika guztiak
Zenbait kasutan, hirugarren alderdi independenteek sortu izango dute istorioa, eta haiek ez dute zertan islatu edukia hornitzen duten erakundeen pentsamolde bera. (Hemen behean agertzen dira erakundeak.)
Itzuli Google-ren bidez
Orri nagusia
Arakatu
Inguruan
Profila