Metahaven kolektiboaren lana nazioartean ezaguna da artearen, zinematografiaren eta diseinuaren arteko mugak desitxuratzeko duen gaitasunarengatik. Kaosaren teoria (Chaos Theory, 2021–24) bideo-instalazioa ikus-entzunezko poema hunkigarri bat da, eta giza harremanek mundu hiperkonektatu batean duten konplexutasuna jorratzen du —mundu hiperkonektatu bat non une bakoitza kalkuluz eta iragarpenez beteta baitago, baina non gertagaitza eta ustekabekoa ere etengabe sortzen diren—. Instalazioari izenburua ematen dion filmak bi emakumeren arteko elkarrizketa du ardatz, X (Valentina Di Mondo) eta Y/Z (Georgina Dávid) pertsonaien artekoa. Biek ere gogoetatsu egiten diete aurre beren bizitzetako konplexutasun eta ñabardura emozionalei. Haien esperientzia komuna elkarri lotuta dago, gorputzak elkarrengandik urrun egon arren. Elkarrekin jolasean edo oinez diren bitartean, bien arteko elkarrizketak aurrera jarraitzen du hiri-periferiako eremu irekietan barrena, ikastetxe baten irteeran edo baita leku intimoagoetan ere, esaterako, igogailu batean edo gela batean —denak ere kutsu alegoriko eta oniriko nabarmeneko tokiak—. Arintasun ludikoa denborari eta grabitateari buruzko eztabaida existentzialekin tartekatuz, Kaosaren teoria lanak ama, ahizpa eta neskatxa izatearen berezko emozio aldakorrak aztertzen ditu.
Filma Amsterdameko kanpoaldean grabatuta dago, eta azpiegituraz eta hiri-bizilekuz osatutako paisaiaren eta poetika ireki ez-linealaren arteko kontrastea azpimarratzen du. Tarteka, irudiaren konposizioak ikuspegi edo pantaila ugari erakusten ditu pantailaren barruan eta, zerbait berria agertzen denean, horietako bat gorriz delineatzen du, bideo-konferentzia batean bezala. Horrekin, Metahavenek berriro erakusten du arreta berezia jartzen diela gaur egungo harreman-moduei eragiten dieten eraldaketa teknologikoei, batez ere pandemia osteko testuinguruan. Espazioari dagokionez, bideo-instalazioak tapiz handi bat ere hartzen du barne, eta ehun-piezak filmean aurkeztutako motiboekin eta ehundurekin elkarreragin ahal izateko aukera eskaintzen die bisitariei. Datu eta bektore grafikoak nahasten dira garraio publikoak izan ohi duen tapizeria gogorarazten duen artilezko pieza trinko horretan. Alfonbrak kontrapuntua eskaintzen dio gure ingurunean nonahi dauden ukipen-pantailen izaera lau eta gogorrari, eta azpimarratu egiten du kontaktuak zenbaterainoko balioa duen gure emozioak komunikatzeko orduan.
"Visual arts" gaia interesatzen zaizu?
Jaso berritasunak Culture Weekly-ren buletin pertsonalizatuarekin
Dena prest!
Zure lehenengo Culture Weekly buletina aste honetan iritsiko da.