Irrintzi (2007) bideoan jasotako ekintza bat da, artistak Guggenheim Bilbao Museoaren barrualdeko espazioetan jenderik gabe egin zuena. Irrintzi oihu mota tradizionala Euskal Herriko haranen artean komunikatzeko premiatik sortu omen zen. Gaur egun, taldeko ospakizunetan bozkarioa erakusteko edota errebindikazio politikoak egiteko erabiltzen da. Irrintzia nortasun zeinu bilakatu da, are "gerrako garrasi" ere bai. "Oihua oinarrizko sistema sintaktiko bihurtzen da hizkuntzaren mugetan", dio artistak. Munduko beste leku batzuetan ere antzera erabiltzen dira halako oihuak, baina esanahia kulturaren arabera aldatzen da.