Jaosokor, kanoa-itxurako burdinazko egitura bat da, tarte erregularretan lotutako plastikozko zerrenda garden eta koloregabeez estalia. Aretoko giro-argiak argiztatzen du, eta, eskulturaren gainazalak uraren propietateak ematen ditu aditzera. Ura, izan ere, Solanoren lanean errepikatu egiten den elementua da. Egitura hau material industrialez eginda dagoen arren, tribu batek eskuz egindako lan baten trebetasuna ematen du aditzera; ideia hori sendotzeko, Solanok eskulturaren aldameneko paretan Hegoaldeko Itsasoetako uhartetar baten aurpegiaren argazkia zintzilikatu du. Solanori Irian Jaya-n egon ondoren bururatu zitzaion lan hau; Irian Jaya Ginea Berria uhartean, mendebaldean, dagoen zatia da, Indonesiaren pekoa, eta aldi bat eman zuen Jaosokor herrixkan. Bertako jendearen formak eta motiboak Mendebaldeko material sintetikoekin gainjarriz, Jaosokor-ek bi munduren arteko talka irudikatzen du. Teresa Blanch komisarioak asko idatzi du Solanoren obraz; bada, bere iritziz, pieza honek "gizateriaren hainbat aroetatik egindako bidaia asaldagarri bat ekartzen du gogora" eta "herri indigenen kontrako gehiegikerien salaketa" bat aurkezten; aldi berean, "historiak eragindako haustura existentzial handiei buruzko gizakiaren iraunkortasunari egindako omenaldia (unibertsalizatzaileagoa) da".