Brontzez eta beste metal batzuez egindako Beuysen monumentu-instalazio bakarra, Tximista oreina argituz, Oreinaren oroitarriak (Hirschdenkmäler) deitutako artistaren lanean oinarritzen da. Lan hori Berlingo Martin-Gropius-Bauen egindako Zeitgeist erakusketan izan zen 1982-83an. Muino itxurako buztinezko meta handi bat gailentzen zitzaion artistak Werkstatt (lantegi) deitukoari Zeitgeist erakusketan. Lurra oinarrizko materiala izan zen Beuysentzat eta horixe ondorengo teorian islatu zuen: "Buztina lurretik dator, gure oinean dagoen geruzatik eta, horretatik, planeta piztuko dugu". Erakusketa hau amaitzean, buztinaren zati bat molde bat ontzeko oinarri erabili zen eta, haren bidez, Tximista galdatu zen, Tximista oreina argituz laneko osagai nagusi eta sormenaren boterearen ikur.