Akerra eta ahuntza (Cabrit i cabrida) zintzilikatutako edo sakrifikatutako animalien irudiak lantzen dituen pintura-sail batekoa da; sail horretako beste lanak dira Zintzilikatuen dantza (Le Bal des pendus) eta Zinkezko zuria, berunezko zuria (Blanc de zinc, Blanc de plom). Juan Sánchez Cotán artista espainolen bodegoien eragina —fruituak zintzilik irudikatu zituen—, Errenazimentuko eta Barrokoko natura hilena eta Holanda eta Flandesko pintoreena ere antzeman daiteke, Rembrandten larrututako animaliena, adibidez. Era berean, lan hau Sahara hegoaldeko Afrikako herrialdeetako eguneroko bizitzari lotzen zaio: janaria beharrean heriotza eta usteltasuna iradokitzen dituzten animaliak zintzilik jartzen dituzten azokak dakartza gogora. Errenazimentuko eta Barrokoko natura hilak denboraren joanaren alegoria gisa interpretatu daitezke; pintura hauek, ordea, Sahara hegoaldeko Afrikako bizimodu eskasaz jabetuta egin zituen artistak eta, hortaz, Afrikako estatu berrien behin-behinekotasunaren seinale gisa interpreta daitezke; auzia ez da bizitza iragankorra dela aditzera ematea, baizik eta bizirauteko modua egunero bilatu eta lortu behar dela. Hartara, Barceló urrundu egiten da arestian aipatutako eragin horietatik, eta lanari ospakizun eta erritu animista kutsua ematen dio; gogoeta metafisikoak egitera eraman gaitzake: bizirik dagoen guztia desegin egiten bada ere, berriro jaiotzen da.