Kargatzen

Feniziako estudio gorria

Robert Motherwell1977

Guggenheim Bilbao

Guggenheim Bilbao
Bilbao, Espainia

Robert Motherwell 1940ko hamarkadan agertu zen eta askotariko artista abstraktu estatubatuarrak biltzen zituen taldeko gazteenetako bat zen; New Yorkeko Eskola deitu zioten talde horri, Motherwellek proposatu zuen izena, alegia. Jackson Pollockek, Mark Rothkok eta beste hainbat espresionista abstraktuk ez bezala, Motherwellek unibertsitatean eman zituen heziketa-urteak eta, bertan, filosofia estudiatu zuen, estetika batez ere, artearen historiara pasa baino lehen. Meyer Schapiro Columbiako Unibertsitateko artearen historialari nabarmenaren bidez, Bigarren Mundu Gerra piztean New Yorken aterpe hartu zuten Europako hainbat artista ezagutu zituen, bereziki Matta eta beste surrealista batzuk, eta haien metodo automatistek izugarri eragin zioten. 1941ean, Motherwellek artean jardutea erabaki zuen eta 1940ko hamarkadaren hasieratik erdialde arteko bere collageek eta pintura abstraktuek berehala erakarri zuten arreta. Lan horiek Peggy Guggenheimen Art of This Century museo-galerian jarri ziren erakusgai 1940an, eta Museum of Modern Arten 1946an. Estatu Batuetako artearen historian, bere pintore-lanek ez ezik, intelektual publiko lanetan izandako lorpen handiek eman zioten izena Motherwelli: inguruan zuen New Yorkeko artista-taldearen bozeramaile-lanetan aritu zen bereziki, eta hainbat idazki utzi zituen.

1960ko hamarkadaren amaieran, "irekiak" deituraren pean sailkatu zuen pintura-sorta bati ekin zion. Artistaren arabera, artelan horiek "barneko/kanpoko leihoaren metafora" lana egiten zuten, eta hainbat mailatan eskegitako forma trapezoidalak zituzten ezaugarri [1]. Feniziako estudio gorria (Phoenician Red Studio, 1977) pintatzen hasi zenean, Motherwellek margolanaren goi-ertzetik zintzilik dagoen laukizuzen linealari eutsi zion, eta feniziarren alfabetoko irudi arraroak sartu zituen beste dimentsio-plano bat ematen duen eta itxuraz erauzita dagoen espazio batean. Saturatutako gainazal gorria dentsitate-aldaera arinen bidez landu zuen eta, hartara, pinturaren argitasun pizgarria areagotzen zuen. Artistak berak azaldu zuenez, margolan hau Matisse-ren Estudio gorria (L'Atelier rouge, 1911) lan ospetsuari egiten dio erreferentzia. Lan hori Museum of Modern Art-en eskuetan dago aspalditik eta New Yorkeko Eskolako artistek lan nagusi hori bisitatu ohi zuten. Beraz, Motherwell ez zen Matisseren irudiarekin itsututa zegoen talde espresionista abstraktu horren kide bakarra: bere lagun Rothkok, Matisseren amorratu izanik, hainbat lan egin zituen zeharka bere omenez. Motherwellen omenaldiak antzinako arteari ere egiten dio erreferentzia; izan ere, taldekide guztiek aztertu zuten gai hori hasierako urteetan mintzaira aratz eta oroitarazle baten bila. Motherwellek azaldu zuenez, laukizuzenaren barruan agertzen den marrazkiak feniziarren antzinako alfabeto zaharreko bi letra ekartzen ditu gogora, artista beti liluratzen baitzuen alfabeto horrek; izan ere, "zeinuek buztinean ezten batekin idaztean egiten diren keinu naturalak dituzte sorburu, eta ikatzezko arkatz batez egiten direnean ere, adibide honetan bezala, badira forma naturalak".

Motherwellek aipatutako "keinu natural" hori bere estetika pertsonalaren ezaugarri izan zen beti; bera, izan ere, keinu "naturala"ri (alegia, espontaneoari) eusten saiatzen zen beti eta, aldi berean, forma ia geometrikoei lotzen zitzaien. Elementu oso sentsual bat gehitu zuen kolorearen bidez, honetan, gorri feniziarra. Artistak zioenez, "beti liluratu nau gorriaren gorritasunak" eta, margolan honetan, intentsitate saturatuak argi eta garbi islatzen du nolako poza sentitu zuen mihisetik haraindi hedatzen bide den gorri-eremu zabal bat sortzean.

Erakutsi gutxiagoIrakurri informazio gehiago
  • Izena: Feniziako estudio gorria
  • Sortzailea: Robert Motherwell
  • Sortze-data: 1977
  • Kokapena: Bilbo, Espainia
  • Dimentsio fisikoak: 218,44 x 487,68 cm
  • Mota: Margolana
  • Kanpoko esteka: Artelana Guggenheim Bilbao Museoaren webgunean
  • Materiala: Akrilikoa eta ikatz-ziria mihise gainean
  • Artelanaren kokapena Museoan: 305. aretoa
Guggenheim Bilbao

Eskuratu aplikazioa

Arakatu museoak eta erabili Art Transfer, Pocket Gallery eta Art Selfie eginbideak eta beste batzuk

Orri nagusia
Ezagutu
Jokatu
Inguruan
Gogokoak