Jenny Holzerrek arte-adierazpenerako bitarteko bihurtzen du hitza. Darabiltzan aforismoek gure hizkuntza sinplea eta zuzena dela gogorarazten digute; egia nabariak, kaletik hartutako esaldiak, gerra, politika, heriotza eta indarkeriari lotutako segida luze batean. 1960ko hamarkadan, objektu artistikoak hura gauzatzeko beharrezkoak diren ideia eta ekintzaren araberako balioa duelako nozioa zabaldu zen. 1970eko hamarkadatik aurrera, artistak kartel, horma-irudi, elastiko, esku-paper edo preserbatibo-paketeetan sortu zituen testuak. 1980ko hamarkadan, New Yorkeko kaleak argiztatzen dituzten publizitate-panel handien artean sartu zituen bere esaldiak, eta, handik gutxira, beste baliabide batzuk esploratzeari ekin zion, besteak beste, bideoa edo kartel argidun handiak. Objektua ez baizik eta hura sortzen duen buru-prozedura garrantzitsuagoa delako hipotesitik abiatuta, artistak prozesu horretan jarri zuen arreta, eta hausnarketa huts bihurtu zuen ekintza hori.
Gero eta jende gehiagorengana eta desberdinagoarengana zabaltzen den mezu baten garraio bihurtu da artea, eta haren protagonista hizkuntza da, ziztatzailea, baiezkoa eta faktikoa. Helburua da pertsonak ustekabean harrapatzea, erreakzio bat, pentsamendu bat, arrazoibide bat, esperientzia kokatzeko toki bat izan dezaten iradokitzea, eta, aldi berean, haiek ustekabeko tokietan harrapatzea. Ikusleak esaldi horiek irakurtzen ditu, eta nondik datozen galdetzen dio bere buruari; egilearengandik guztiz urruntzen den jarrera bat hartzeko gonbidapena luzatzen zaio ikusleari, eta egilea bigarren planoan kokatzen da. Egilearen eta testuaren arteko lotura haustea da asmoa, komunikazio bizia sortzeko. Holzerrek gaitasun handia du mezu horiek zabaltzeko, eta horiekin giro biziki iradokitzailea sortzeko. Bakarrik gaude eremu ireki baten bakardadearen aurrean, jendez inguratuta. Hitzak eta kontzeptuak geure buruari giza harremanen inguruan galdetzeko material bihurtzen dira, gure esperientzia finkatzeko eta kontzientzia bera aztertzeko, ohikoa ez den beste leku batean: dimentsio handi eta xarmagarri bat, agerian jartzen duena zeinen indartsua den hizkuntza.
1983an hasitako Biziraupena sailean, Holzerrek nolabaiteko premia-kutsua duten mezuak idazten ditu, pertsonek beren ingurune politiko, sozial, fisiko edo psikologikoari nola erantzuten dioten jakinarazi, erakutsi edo galdetzeko. Hasiera batean euskarri elektronikoan jaso ziren, baina, handik gutxira, beste euskarri batzuetara pasatu ziren, besteak beste, banku honen granitora. Bertan, hau idatzi zuen artistak: « utziozu eskuari noraezean ibiltzen haragian zehar, aukerak biderka daitezen».
"Visual arts" gaia interesatzen zaizu?
Jaso berritasunak Culture Weekly-ren buletin pertsonalizatuarekin
Dena prest!
Zure lehenengo Culture Weekly buletina aste honetan iritsiko da.