Gilbert-ek eta George-k 1967an elkar ezagutu eta elkarrekin lan egiten eta bizitzen hasi ziren eta, ordudanik, hainbeste bat egin dituzte euren identitateak, non ezin dugun bataz pentsatu bestea gabe. Ezin da bakoitzaren biografiarik, ezta bakoitzaren lan independenterik ulertu harreman estu hori gabe. Gainera, ez dago bizitzaren eta artearen arteko bereizketarik. Haiek dira haien artelanak. 1960ko hamarkadaren amaieran, jendaurrean agertzen hasi ziren "eskultura bizidun"arena eginez: traje elegante berdinez jantzita, aurpegiak eta eskuak patina metaliko batez estalita zituztela, museo, galeria eta kultura-ekitaldietatik paseatzen ziren brontzezko estatua robotizatuak balira bezala; hartara, sortzaile eta sorkuntza bateratu zituzten, eta eguneroko jarduerak ikuskizun bihurtu. Haien artea hainbat diziplinetara zabalik dago, adibidez: argazkilaritza, marrazketa, pintura, idatzizko testua eta zinema; guztietan ere, performancean bezala, haien presentzia argi eta garbi antzeman daiteke, sarritan autorretratu moduan.
1970eko hamarkadaren erdialdera, Gilbert & George-k sareta-formatua, arte moderno goiztiarra gogora ekartzen duena, hartu zuten haien argazki-lanetarako eta ohitura horri eutsi diote gaurdaino. 1970eko argazki-lanak, gehienean, kolore bakarrekoak ziren arren, 1980ko hamarkadaren hasieran, argazki-collageak kolore biziz tindatzen hasi ziren, elizetako beirateen tradizioa alaitasunez gogora ekarriz. Garai hartan, Gilbert eta George gazteak kontratatzen hasi ziren ere, horietako asko Londreseko East End-ekoak (haiek ere han bizi dira). Euren modeloak eta euren buruak material moldagarri gisa erabili zituzten konposizio zirikatzaileak sortzeko, grafikoki deigarriak eta gero eta handiagoak. Garai horretako artelanek East End-eko gizartearen xehetasunak eta Britainia Handiko esperientzia homosexuala hartzen dituzte inspirazio-iturri, giza existentziaren misterioa adieraztearren, 1984ko lan baten izenak aditzera ematen duen bezala: HERIOTZA ITXAROPENA BIZITZA BELDURRA (DEATH HOPE LIFE FEAR). Esnatzen (Waking) itzelean, urte horretakoa ere, kolore biziko eta simetrikoki kokatutako hainbat giza irudik osatzen duten imajina baten erdigunean daude artistak. Horien inguruan, ikusleek artistak behatzen dituzte: artisten aurpegiak katamalo bihurtu dituzte gainjarritako koloreek eta esnatze-aldiren baten izua agerian uzten dute; beharbada haurtzarotik gaztaro eta helduaro arteko igarotzea, hori ematen baitezake aditzera artisten giza irudiak hiru eskalatan errepikatuta agertzeak.
"Visual arts" gaia interesatzen zaizu?
Jaso berritasunak Culture Weekly-ren buletin pertsonalizatuarekin
Dena prest!
Zure lehenengo Culture Weekly buletina aste honetan iritsiko da.