Ellsworth Kelly artista estatubatuarraren obrak (Newburgh, New York, 1923–New York, 2015) leku nabarmena du XX. mendeko abstrakzioaren katalogoan. Haren lana ez da orduko sailkapen-grinaren arabera kokatzen erraza, baina baditu antzekotasunak garaiko zenbait mugimendurekin, batez ere Hard Edge pinturarekin eta minimalismoarekin. Kellyk bere unibertsoa sortzen du, formaren eta hondoaren arteko dikotomia tradizionala hautsiz.
Hasiera batean Bostongo Arte Ederren Museoko eskolan ikasi eta artearen historiako maisu handiak eta haien teknika aztertzen buru-belarri jardun zuen Kellyk. Gero, Parisera jo zuen gerra amaitu bezain laster. Urte haietan, figurazioa alde batera utzita, obraren nolakotasun piktoriko hutsen bilaketan murgildu zen, eta markoaren mugak ezabatu zituen, forma eta hondoa osotasun batean bildurik. Parisen zela, Europako arkitektura eta haren inguruko xehetasunak interesgune berri bihurtu ziren artistarentzat, eta funtsezko eredu edo formen esplorazioan eta esperimentazioan jarri zuen arreta. Ikerketa horrek lehen garai hartako hainbat obratan izan zuen isla, hala nola, Leihoa, Arte Modernoko Museoa, Paris (Window, Museum of Modern Art, Paris, 1949) izenekoan. Bi hamarkada baino gehiago geroagokoa da Kurba horia I (Yellow Curve I, 1972), haren Spencertowneko etxean lehen eta bigarren solairuen artean zegoen haizemaile itxurako gainleihoan inspiratuta dago. Hala ere, Kellyren obrak ezaugarri berezi bat badu hauxe da, urte haietan eta lan horietan jada nabarmena zenez: artistaren nortasunaren arrasto oro obratik desagerrarazteko nahia. Ezin da esan artista bera horren atzetik zebilenik, baina hori iradokitzen du erabili zuen teknika garbiak eta pintzelkada, marka, lerro edo “gorabehera” oro ezabatzeko ahaleginak.
Kolore horiko margo leun distiratsuak horizontalki luzatutako erronbo-itxurako mihise batean marrazten duen kurba luze dotoreak lerro ahur bihurtzen du Kurba horia I (Yellow Curve I, 1972) lanaren gainalde zuria. Olio-pintura beilegiak horizonte lerro betea eratzen du, mihisearen beraren deformaziotik —eta ez artistaren berariazko ekintza batetik— sortua bezala. Horrek zera galdetzera garamatza: forma hondoaren aurretikoa den, edo alderantziz den. Pintura horiak bestelako gorpuztasuna du pintura zuriaren aldean, eta bi koloreak eremua bereganatzeko lehiatzen dira elkarrekin. Miaketa xehe eta hurbilekoa egin ezean, hori ez da nabaritzen, eta Kellyk ere ez du interés handirik erakutsi horretan, bere lanak osotasun baten zati gisa ikusiak izatea nahi izan baitu, ikus-lengoaia murriztu batean; baztertu gabe ez inguruko espazioa, ez “multzo” edo “osotasun” horrek begiralearen pertzepzioan eragiten duen aldaketa.