15. urteurrena ospatzen!

Juan Sebastian Elkanoren aztarnaren bila

Zer esaten dute Elkanori, lehen zirkumnabigazioari eta bizi ziren munduari buruzko dokumentu historikoek?

Museoa: Fundación Elkano

Itsasmuseum Bilbao

Vista de la exposición (2019)Jatorrizko iturburua: Itsasmuseum

Esposizio hau izen berarekin Itsasmuseum Bilbaok antolatutako eta ekoitzitako erakusketaren egokitzapen digitala da.

Nazioarteko hainbat eta hainbat artxibo eta liburutegitako bilduma argitaragabea jasotzen du, besteak beste, hauetakoak: Indietako Agiritegi Nagusia, Torre do Tomboko Artxibategi Nazionala, Euskadiko Artxibo Historikoa eta Espainia, Portugal eta Frantziako Liburutegi Nagusiak.

Erakusketari esker, bisitariak gehiago ikasiko du euskal nabigatzaileari, egin zuen balentriari eta bizi izan zuen testuinguruari buruz.

Relación de gastos Relación de gastosJatorrizko iturburua: Archivo General de Indias

Elkano Historian sartu zen

Juan Sebastian Elkano Getarian jaio zen XV. mendearen amaieran, itsas balentria handien araoan.

1513ean, Vasco Núñez de Balboak Hegoaldeko itsasoa ikustatu zuen, erronka handia garai hartako nabigatzaileentzat: Hegoaldeko itsasora iristeko pasabide bat aurkitzea, Atlantikotik nabigatuz, eta Asiarako ibilbide berria ezartzea.

Hernando Magallaes portugaldarrak lortu zuen Karlos I.aren babesa helburu hori lortzeko.

1519. urtearen hasieran, Juan Sebastianek Magallaesen espedizioan eman zuen izena, Sevillan. Agiri honen arabera, Victoria itsasontzirako izendatu zuten, kontramaisu-postuan.

"[…]Juan Sebastian Elkano, Victoria ontziko kontramaisua, 1519ko urtarrilaren zortzian, larunbatean hasi zen lanean, eta hilean 1.500 marabediko soldata eta mantenua izango ditu […]".

Calderos (1600)Jatorrizko iturburua: Museo Vasco

Bizkaia eta Espezien Uharteak

Magallaesen armadaren gastu-liburuko lehen oharra 1.500 urrezko dukat bidaltzea izan zen Bizkaira, Artieta kapitain lekeitiarrarentzat.

Erregearen agindu zuzena izan zen. Kontratazio Etxeko ofizialei ohartarazi zien Bizkaian aurkituko zituztela armadarako hornidura onenak, prezio onenetan.

Tresna eta hornidura guztien artean, nabarmendu egin ziren Bizkaiko burdinazko tresnak, oso preziatuak zirenak garai hartan.

Expropiación de la Nao Victoria (1518)Jatorrizko iturburua: Archivo Histórico Provincial de Sevilla

Armadaren bost itsasontzietatik hiru bizkaitarrak ziren: Trinidad, San Antonio eta Santa Maria, Victoria izenez berrizendatua.

Victoria itsasontzia, laurogeita bost tonakoa, 800 dukaten truke enbargatu zitzaion Domingo Apallua ondarroarrari (Bizkaia).

"Jakin beza gutun hau irakurtzen duten orok, nik, Pedro Arismendi, Domingo Apalluaren semeak, Ondarroakoak, Bizkaia konderrian […]. Adierazten dut zuek, ozeano itsasoko Indietako Kontratazio Etxeko epai ofizial jaunok, Santa Maria izeneko itsasontzi bat hartu didazuela erregina, erregea eta haren semea zerbitzatzeko, […]".

Zarpe de Magallanes del Puerto de Sevilla (1920). Egilea: Manuel García y Rodríguez.Jatorrizko iturburua: Club Naval de Vaparaiso, Chile

Irteera

Espedizioa 1519ko abuztuaren 10ean abiatu zen Sevillatik, Moluka Uharteak helburu. Espedizioan izena eman zuten ia 243 gizonetatik 31 euskaldunak ziren.
Irailaren 20an, bost itsasontziak (Trinidad, San Antonio, Concepción, Victoria eta Santiago) itsasoratu egin ziren Sanlúcarretik.

Astebete geroago, Tenerifen zeuden. Hornitu ondoren, Gineako kostaldearen ertzetik joan ziren eta Atlantikoa gurutzatu zuten, Brasileko noranzkoan.
Abenduaren 13an iritsi ziren Río de Janeirora. Han, produktu freskoak eskuratu zituzten huskerien truke, hala nola karta-sorten truke.

Indios nativos de Tierra de Fuego (1883/1960). Egilea: Alberto Maria de Agostini.Jatorrizko iturburua: Museo Nazionale della Montagna

Patagonia eta Suaren Lurraldea

Brasiletik, bost itsasontziak Río de la Platara zuzendu ziren, ordura arte esploratuta zegoenaren muga ezartzen zuen lekura.

Ibai erraldoia zeharkatu ondoren, eremu ezezagunean murgildu ziren, orain Patagonia gisa ezagutzen dugunera iritsiz.

San Julian izendatu zuten portuan natiboak aurkitu zituzten, eta patagoniar izendatu zituzten.

Eguraldia zela eta, Magallaesek, ofizial gaztelarren borondatearen aurka, negua bertan igarotzea erabaki zuen.

Hiru itsasontzi matxinatu egin ziren, Magallaesek matxinada desegitea lortu zuen. Matxinadaren ondorioz, Quesada eta Mendoza kapitainak exekutatu zituzten.

Declaration of Elcano, Albo, and Bustamante on the details of the first voyage across the world / Page 01Archivos Estatales

Pazifikoaren beste aldean

1520eko azaroaren 27an, Hegoaldeko itsasora eramango zituen itsasartea aurkitu zuten.

Ekaitzik ez zegoenez, Ozeano Bare izendatu zuten. Cebu uhartean, Magallaesi harrera ona egin zioten, eta uharte horiei eutsi nahian, alboko Mactan uhartea erasotzea erabaki zuen.

Natiboek, askoz ere gehiago izanik, borrokatu egin zuten, eta Magallaes ere hil egin zuten.

Juan Sebastian erabaki horren aurka zegoen, eta hala aitortu zuen.
Carvalho aukeratu zuten kapitain nagusi, baina jokabide arduragabea zeukala eta, laster kendu zuten kargutik. Bozketa bidez, Espinosak ordezkatu zuen, eta Elkano izendatu zuten Victoria itsasontziko kapitain.

"[…] Hamabi galderei hau erantzun zien: Magallaes Mactanera joan zen, gerra egitera eta herrixka hartako etxeak erretzera, hango erregeak Cebuko erregeari eskuetan muin ematea nahi baitzuen; gainera, Mactaneko erregeak ez zizkion arroz-anega bat eta ahuntz bat bidali, tribututzat […]".

Especias (2019)Jatorrizko iturburua: Itsasmuseum

Tidore, iltzea jaio zen lurraldea

1521ean, Trinidad eta Victoria itsasontziak Tidorera iritsi ziren, Espezien Uharteetako batera.

Juan Sebastian harritu egin zen; izan ere, espezia asko egon arren, uharteko herritarrak pobreak ziren. Atzerapenak atzerapen, sotoan milaka kintal iltze sartu zituzten eta bidaiari ekin zioten.

Zenbatzeko oinarrizko unitatea marabedia zen. Espezien Uhartean iltzea erosteko 1.000 marabedi inbertituz gero, 100.000 marabedi lor zitezkeen Europan, merkantzia hori saltzean.

Primera circunnavegación (2019)Jatorrizko iturburua: Itsasmuseum

Zirkumnabigazioa

Neguko montzoia aprobetxatu zuten, haizeak Afrikara bultzatuko baitzituen.

Hala ere, irten eta gutxira, Trinidad itsasontzian ura sartzen hasi zen. Victoria ontziak bakarrik jarraituko zuen bidaia, eta nabigazioaren arloko balentriarik handienetako bat lortuko zuen: Indiako Ozeanoa eta Ozeano Atlantikoa zeharkatzea Cabo Verde arte, eskalarik gabe, eta Cabo Verdetik Sanlúcar de Barramedaraino, 1522ko irailaren 5ean.

Tidoren Victoria ontzira igo ziren bederatzi esploratzaile euskaldunetatik lauk munduari bira osoa ematea lortu zuten.

Carta escrita por Elkano a su llegada a Sanlúcar de Barramenda (1522). Egilea: Juan Sebastian Elcano.Jatorrizko iturburua: Itsasmuseum

Kapitainaren gutuna

Elkanok gutun bat idatzi zion erregeari, espedizioaren arrakasta kontatzeko.
Karta kopiatu egin zuten, eta Europako hainbat kantzilertzara bidali. Jatorrizkoa galdu egin zen, baina, hiru mende geroago, bost ale aurkitu ziren Europako zenbait hiritan.

Deigarria da kapitainak adierazten duen ikuspegi kolektiboa, bidaia kontatzen duenean.

“[… ] jaun txit goren horrek jakingo du […] munduaren biribiltasuna deskubritu eta munduari bira eman diogula, mendebalderantz abiatuta eta ekialdetik itzulita”.

Sanlúcar, 1522ko irailaren seigarren egunean.-Juan Sebastian Elkano kapitaina.

Carta del emperador Carlos V (1522). Egilea: Emperador Carlos V.Jatorrizko iturburua: Archivo Htco. de Euskadi (EAH-AHE)

Valladolideko Gortean

Enperadorea asebete arren, Elkanok epailearen aurrean deklaratu behar izan zuen.

Portugaleko erregeak zigorra eskatzen zuen, hitzemandakoa bete ez zuela eta Portugalen mugak gurutzatu izana leporatzen baitzion.

Enperadoreak Erresumako Justizia Kontseilua deitu zuen eta, azkenean, aho batez, Elkano absolbitu egin zuten.

“[…] Sanlúcarretik idatzi zenidaten gutuna ikusi dut, jakinaraziz onik eta osorik iritsi zaretela Victoria itsasontziarekin[…] agintzen dizuet gutun hau irakurritakoan zuekin bidaiatu duten bi pertsona, burutsu eta zentzudunenak, aukeratzeko eta haiekin batera ni nagoen tokira etortzeko[…]”

El perdón (1523). Egilea: Carlos I.Jatorrizko iturburua: Archivo Htco. de Euskadi (EAH-AHE)

1523ko urtarrilean, enperadoreak urtean 500 dukateko ordainsaria esleitu zion Elkanori, nahiz eta ez zen iritsi horiek kobratzera.

Horretarako, Coruñako Espezien Kontratazio Etxeak behar beste mozkin sortu behar zituen.

Armarri bat ere eman zioten, egindako balentria gogoratzeko: “Primus Circundedisti me”. Bestalde, barkatu egin zioten urte batzuk lehenago egindako delitua, hau da, merkatari atzerritarrei bere itsasontzia saldu izana.

“[…] honen bidez jakinarazten dizut barkatu egin zaizkizula aipatu itsasontzia aipatu atzerritarrei saldu izateagatik zenituen zigor zibil eta kriminal guztiak, eta gizon aske izendatzen zaituztet bai zu zeu, bai zure ondorengoak, betiko […]”

Vista general de Badajoz (1806/1820). Egilea: François Jacques Dequevauviller.Jatorrizko iturburua: Biblioteca Nacional de España

Juan Sebastian, enperadorearen mandataria

1523an, Karlos V.ak Juan Sebastiani agindu zion harekin Victoria itsasontzian iritsi ziren ahalik eta gizon gehien bil zitzala eta Gortera eraman zitzala.

Gaztela eta Portugaleko koroek erabaki zuten bilera bat egitea legelari, kosmografo eta pilotuen ordezkaritza batekin, erresuma bakoitzaren eskubidean zehazte aldera, Espezien Uhartearen aurkikuntzari zegokionez.
Saioak Badajoz eta Elvasen egin ziren.

Junta de Badajoz-Elvas (1524). Egilea: Archivo de la Torre de Tombo?.Jatorrizko iturburua: Archivo de la Torre de Tombo

Batzar horretan izan ziren, besteak beste, Hernando Kolon (Kristobal Kolonen semea), Juan Sebastian Elkano eta Juan Vespucio (Amerikoren iloba).
Gaztelarrek eta portugaldarrek mapak erabili zituzten Molukak beren eragin-lerroan zeudela argudiatzeko.

Hainbat hilabetez bildu arren, ez zuten akordiorik lortu.

"[…] Cayako erriberako zubian, hau da, Gaztelako Erresumaren eta Portugaleko Erresumaren arteko mugan, elkarrekin eta presente izan ziren honako jaun txit goren hauek: Hernando Kolon, Simon Alcazaba eta Juan Sebastian Elkano[...]"

Armadura del siglo XVI (XVI. mendea)Jatorrizko iturburua: Museo de Armería de Alava

Bigarren espedizioa Espezien Uhartera

1522ko abenduaren 22an, Koroak Coruñako Kontratazio Etxea sortu zuen, espezien salerosketa arautu eta arlo horretako itsasontziak eta espedizioak antolatzeko.

Badajozeko batzarra bukatuta, Juan Sebastian Bermeora joan zen, Espezien Uhartera joateko armada berriko bigarrengo gisa.

Kapitain nagusia García Jofre de Loaysa zen. Bermeon, Artieta kapitainak denbora zeraman prestaketa-lanetan. Artilleria eta munizio asko hartu zituzten.

Carta al Rey de Portugal (1525). Egilea: Antonio Ribeiro.Jatorrizko iturburua: Archivo de la Torre de Tombo

Espedizio hori osatu zuten zazpi itsasontzietako lau Bizkaian eraiki ziren: Victoria, Sancti Spiritus, Anunciada eta San Gabriel.

Enperadoreak Artietari jakinarazi zion Bermeoko ontziolan 350 tonako itsasontzi bat eraikitzen ari zirela, oso zur onarekin, eta hura eskuratzen ahalegintzeko eskatu zion.

Itsasontzia konfiskatu egin zuten. Victoria itsasontziarena halako lau zen konfiskatutako ontziaren edukiera; izen bera jarri zioten, talisman gisa.

"[…] Hona hemen lurralde hauetako berriak: Indiara joateko enperadoreak Bilbon egin zitezela eskatu zuen lau itsasontziak laster egongo dira prest [...]"

Salida del puerto de A Coruña para las Islas Molucas (1854). Egilea: J.J. Martinez.Jatorrizko iturburua: Biblioteca Nacional de España

Espezien Uhartea helburu zuen bigarren espedizioa, zazpi itsasontzirekin, 1525eko uztailaren 24an atera zen Coruñatik.

Guztira, ehun euskaldun inguruk parte hartu zuen armada horretan, besteak beste Juan Sebastian Elkanoren bi anaiek.

Juan Sebastianek 17 urteko gazte ordiziar bat eraman zuen morroi: Andres Urdaneta.

Itsas bide garrantzitsua aurkituko zuen gazte horrek eguneroko bat idatzi zuen, eta eguneroko hori oso erabilgarria izan zen espedizio horretan gertatutakoa ezagutzeko.

El sueño de Cipango (1536/1580). Egilea: Andres de Urdaneta.Jatorrizko iturburua: Real Biblioteca, Palacio Real

Zipangoren bila

Zazpi itsasontzietatik lau baino ez ziren iritsi itsasartera.

Maiatzaren 26an, Ozeano Barera iritsi zirenean, ekaitz bortitz batek harrapatu zituen eta itsasontziak barreiatu egin ziren. Ez ziren inoiz berriz elkartu. Victoria ontziak bakarrik egin zuen aurrera, beste itsasontzirik gabe.

Uztailean, Loaysa hil egin zen, eta Elkano izendatu zuten kapitain nagusi, gaixo bazegoen ere. Elkanok aldatu egin zuen Magallaesen norabidea, eta iparraldera hartu zuen.

Urdanetak argi eta garbi adierazten du plana zein zen. Haren esanetan, asmoa beti izan zen Zipango bilatzea.

"[…] Nire ustez, Juan Sebastian Elkano hil izan ez balitz, ez ginen hain azkar iritsiko Lapurren Uharteetara; izan ere, haren asmoa beti izan zen Zipango bilatzea, horregatik hurbildu zen hainbeste Espainia Berriko lur idorretara [...]".

Loaisa komendadorearen armadaren gertarien kontakizuna, Espezien Uhartean.

Andrés de Urdaneta, un testigo de excepción (1580). Egilea: Andres de Urdaneta.Jatorrizko iturburua: Real Biblioteca, Palacio Real

Abuztuaren 6an, astelehenean, ekuatore-lerroaren gainetik 8 gradura zeudenean, Juan Sebastian Elkano kapitaina hil egin zen.

Handik hiru egunera, itsasontziko ofizialek erabaki zuten iparralderago ez joatea.

Zazpi itsasontzietatik, Victoria baino ez zen Moluketara iritsi. Han, su eman zioten, etxera itzultzeko beharko zuten ontzia eraikitzeko ezinbestekoa zen iltzeteria lortzeko.

“Abuztuak 6, astelehena, Juan Sebastian Elkano jaun prestua, kapitain nagusi eta gobernadorea, hil egin da”.

Elcano's Last Will and Testament / 08VJatorrizko iturburua: Archivo General de Indias

Testamentua

Urdanetak idatzi zuen Juan Sebastian kapitainaren testamentua, bere eskuz.
Ondasunak banatzerakoan, Juan Sebastianek gogoan izan zituen senideak, morroiak eta kideak: arropa eta elikagaiak utzi zizkien. Seme bat eta alaba bat zituela aitortu zuen, bakoitza emakume batena.

Maria Bidaurretarekin alaba izan zuen; Valladoliden zegoen. Alabari 400 dukat utzi zizkion, baina Getariara bizitzera joan eta ezkontza ona izateko baldintzapean.

Semea Getariako Marirekin izan zuen; oinordeko unibertsal izendatu zuen. Semea hilko balitz, haren amona Katalinari (Juan Sebastianen ama) utzi zion dena; hura izango zen oinordetzaren gozamenduna.

María, primera mujer que cruzó el Pacífico (2019)Jatorrizko iturburua: Itsasmuseum

Ozeano Barea zeharkatu zuen lehen emakumea

Elkano hil zenean, 120 gizon inguru gelditzen ziren Victoria itsasontzian. Hobeto esanda, 120 gizon, Maria izeneko emakume beltz bat eta haren semea zeuden ontzian.

Emakume hori han izan zela frogatzen du Saavedra kapitain espainiarrak egindako atestatuak; kapitain horrek, Mexikotik Moluketara zihoala Loaysaren armadari laguntzera, naufrago bat jaso zuen Filipinetan.

Gizon hori Sebastián del Puerto deitzen zen eta besteak beste adierazi zuen Loaysaren ontzian emakume beltz bat zegoela.

Euskera en las Islas de las Especias (2019)Jatorrizko iturburua: Itsasmuseum

Euskaraz hitz egiten zuen erregea

Elkano hil ondoren, 100 gizon inguru Espezien Uharteetara iritsi ziren. Zazpi urte inguru eman zituzten han.

Han, Mira printzearekin harremanetan izango zen; gerora, errege izango zen.

Fernao de Castanheda kronikagile portugaldarrak esan zuen Tidoreko Mira erregea gaztelarrekin hazi zela eta, ondorioz, ondo zekiela gaztelaniaz, bizkaieraz eta portugesez; gainera, asko harrotzen zen hizkuntza horiek jakiteaz.

Elkano (2019)Jatorrizko iturburua: Itsasmuseum

Legatua

Erakusketa honen helburuetako bat Juan Sebastian Elkano nor izan zen hobeto ezagutzea da.

Bizkaiko Lurralde Historikoak bi espedizioetako logistikan izan zuen garrantziari balioa eman nahi dio.

Espero dugu dokumentazio historikoko oinarri sendo baten eta bilduma zein museoetako funtsen bidez zertzelada koloretsuak eman izana itsas gizon horri buruz dakiguna freskatzeko, baita Moluketarako bi espedizio horien ingurumariak eta haietan parte hartu zutenen bizi-esperientzia gogora ekartzeko ere.

Egileak: istorioa

Bilboko Itsasmuseumek antolatu eta ekoitzitako erakusketa.
"Juan Sebastian Elkano. Tras la huella "
Komisarioa: Julián Díaz
www.itsasmuseum.eus

Bazkideak: teknika guztiak
Zenbait kasutan, hirugarren alderdi independenteek sortu izango dute istorioa, eta haiek ez dute zertan islatu edukia hornitzen duten erakundeen pentsamolde bera. (Hemen behean agertzen dira erakundeak.)
Arakatu gehiago
Erlazionatutako gaia
The First Journey Around The World
Unravelling the history of the first ever expedition around the world
Ikusi gaia

"Visual arts" gaia interesatzen zaizu?

Jaso berritasunak Culture Weekly-ren buletin pertsonalizatuarekin

Dena prest!

Zure lehenengo Culture Weekly buletina aste honetan iritsiko da.

Orri nagusia
Ezagutu
Jokatu
Inguruan
Gogokoak