Erlea Maneros Zabalak (Bilbo, 1977) errepresentazioaren zerizana eta hedabideek gaur eguneko historia ulertzeko eran duten eragina —irudiak baliatzeko moduen bidez— ikertzen ditu.
Euskal grafia; tipografia eta apaingintza: 1961-1967 lana Garmendia, Maneros-Zalaba, Salaberria. Prozesua eta metodoa erakusketarako berariaz egindakoa da. Lan honetan kobrezko xafletan —39 guztira— erreproduzitu ditu Sine Nomine aldizkariaren orrialdeak. Aldizkari hori Egiz (1950–52) debekatu zutenean sortu zen, 1961ean, ezkutuan, eta euskal apaizek egin (ziklostil bidez) eta banatzen zuten. Artelan horretan ikus dezakezu artistaren interesa irudien ezaugarri formaletatik testuaren alde formaletara igaro dela; era berean, aurreko sailak beste moduan interpretatzen laguntzen digu. Neurri batean, Maneros Zabalak irudi- eta testu-dualtasuna ezabatzen du, aurreko lan batzuetan moduan, esaterako, Abstrazio ariketak (Exercises on Abstraction, 2007-13) sailean; bada, serie horretan, testua ikusezina zenez, abstrakzioa posible zen. Euskal grafia; tipografia eta apaingintza: 1961–1967 lanean ez du testudun orria zuzenean irarri; aitzitik, testua beharko lukeen lekua (matriza) adierazi du. Arkeologia moduko ekintza da hori, eta erreprodukzio mekanikoaren prozesua agerian uzten du, bai eta zaharkitutako teknika industrial jakin bat ere.