Joareek, euskaraz, izen desberdinak jasotzen dituzte, eremu eta euskalkien arabera. "Joare", "zintzarri" eta "arran" (Bizkaian) termino orokorrak dira; baina, gehienetan, tamainaren araberako izendapen onomatopeikoak erabiltzen dira elkarren artean bereizteko: "dunba" edo "punpa" handienentzat, "tulunta" ertainentzat, "zintzarri" txikientzat, eta baita "xilintxa" ere (azken horrek "txintxarri" esan nahi du). Pirinioetako eskualdeetan "truko" edo "truka" izenak ere agertzen dira, aragoierako maileguak direnak ("trucar" "deitzea" da, eta "trucos" deritzotenak, "joare handiak").
Joareak kobre edo letoiz estalitako burdinazko xaflak dira. Xafla gehiago edo gutxiago harrotutako zilindro bat sortuz tolesten da, edo forma trapezoidala ematen zaio. Goialdea aldatu egiten da lepokoa jartzeko helduleku bat egiteko, eta mihi bat jartzeko; mihia metalezkoa, zurezkoa, adarrezkoa edota harrizkoa izan daiteke. Amaierako soinua ahoa eta hondoa kolpatuz lortzen da.
Artzain edo abeltzain bakoitza bere joareen soinua berdina izan dadin saiatzen da, bere azienda gainerako animaliengandik bereizteko. Beraz, joarearen helburu nagusia ardiak, behiak eta zaldiak mendian errazago aurkitzea da. Babes espiritual izaera ere eman zaio. Horretaz gainera, artalde transhumante handiak bertan daudenaz ohartarazten dute.
Multzoko joarerik zaharrena da "tripa-handiena". Oiartzungo (Gipuzkoa) Peñadegitxiki baserrikoa da eta Manuel Lekuona jaunak 1917an eman zion dohaintzan San Telmo Museoari.
Erreferentzia bibliografikoak:
Garmendia Larrañaga, Juan. Yoarea = El “yoare”. In: Euskal esku-langintza = Artesanía vasca. Donostia = San Sebastián : Auñamendi, 1970. III, 38-49
Leizaola, Fermín de. Uztai egillea. Anuario de Eusko Folklore. XXII, 1967-1968, 207-211.
Leizaola, Fermín de. Burdina: Burdingintza eta forjaketa tradizionala : [Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultur Departamentuak Antolatutako Erakusketa] = Hierro : Ferrería y Forja Tradicional : [exposición...]. [San Sebastián]: Diputación Foral de Guipúzcoa, Departamento de Cultura, Educación, Deportes y Turismo. 1989. 48-49
http://www.euskomedia.org/PDFAnlt/jgl/02001375.pdf