Kargatzen

Su-iturria

Yves Klein1961

Guggenheim Bilbao

Guggenheim Bilbao
Bilbao, Espainia

Su-iturria (Fire Fountain, 1961) artistak bizi artean amaitzeko aukera izan ez zuen proiektu baten burutzea da. Sorbonan 1959an emandako hitzaldi batean, Kleinek aspaldiko proiektu baten gainean hitz egin zuen: "plaza publiko bat, ur-geruza bat eta horren gainean, ur-zurrustak beharrean, su-zurrustak dantzan". Artistaren arabera, ideia hori izan zuen La Granja de San Ildefonso errege-jauregian, hots, Madril ondoko Espainiako Monarkiaren udako egoitza zaharrean zela, XVIII. mendeko estilo frantseseko lorategien iturriak eta zurrustak bisitatu ondoren: "Bertan imajinatu nuen nola izango litzateke urmael horietako ur lasaien gainazalean ur-zurrusta dotore horiek su-zurrusten truke ordezkatzea. Su-eskulturak uraren gainean. Zergatik ez?". Zirriborro batzuek aditzera ematen dutenez, 1958–59rako su-eskultura bat sortzeko interesa zuen, eta artistak eskatutako lehenengo "asmatze-patente"etako batek "urmael batean ura eta sua konbinatzen zuten zurrustei" egiten die erreferentzia". 1961ean, hil aurreko urtean, Krefeld-eko Museum Haus Lang-en erakutsi zen atzera begirakoan, Kleinek bere egitasmoa zati batean burutzea lortu zuen: Mies van der Rohe-k diseinatutako etxearen belardi batean "su-horma" bat altxa zuen berrogeita hamar Bunsen erregailu baliatuz eta aldi berean, ingurumarian, sugar bizi (edo "su-iturri") bat lurretik aterarazi zuen.

Bilbon erakusten den Su-iturria lana Klein hil ondoren egin zen: bost su-iturri lerrokatu ziren Frank Gehryren erakinaren kanpoaldean dagoen urmaelean eta ondorioz, lerro batean atondutako sugarrak urmael lasaian islatzen dira. Lan honek artistari suak, hau da, aspaldiko tradizioaren arabera "lau elementu"etako batek, nolako lilura pizten zion erakusten du. Izan ere, lehen aipatutako lan horiek ez ezik, Kleinek Su-margolanak (Fire Paintings) lan-multzoa ere sortu zuen 1961ean eta horietan kimikoki tratatutako gainazalen gainean soldagailu bat baliatzen zuen. Sua (biziaren hazi eta zibilizazioaren eragile, hainbat onura eta erosotasunen hornitzaile eta, gainera, indar suntsitzaile, betiereko mehatxu) memoriari eta hildakoen gurtzari lotuta dago. Harrokeria erakusten ez duela, Su-iturriak, beraz, zibilizazioaren sorburura eramaten gaitu zeharka, baita munduaren hastapenera ere. 1959an, suari buruzko edozein egitasmo hezurmamitu aurretik, artistak honakoa adierazi zuen: "sua iragana ahaztu ez duen geroa da niretzat".

Erakutsi gutxiagoIrakurri informazio gehiago
  • Izena: Su-iturria
  • Sortzailea: Yves Klein
  • Sortze-data: 1961
  • Kokapena: Bilbo, Espainia
  • Dimentsio fisikoak: Kokapen zehatzeko neurriak
  • Mota: Instalazioa
  • Kanpoko esteka: Artelana Guggenheim Bilbao Museoaren webgunean
  • Materiala: Sua
  • Artelanaren kokapena Museoan: Urmalea
Guggenheim Bilbao

Eskuratu aplikazioa

Arakatu museoak eta erabili Art Transfer, Pocket Gallery eta Art Selfie eginbideak eta beste batzuk

Orri nagusia
Ezagutu
Jokatu
Inguruan
Gogokoak