Artista-liburuak 1968tik Kieferren adierazpide nagusienetako bat izan dira. Artista-liburu asko ez bezala —sailean ekoizten dira—, Kieferren liburuak ale bereziak dira, artisau-lanak, eta, ondorioz, margolanetatik edo eskulturetatik hurbilago daude. Lan hau, Robert Fludd-entzat (Für Robert Fludd, 1995-96), Robert Fludd (1574-1637) filosofo metafisiko eta alkimista ingelesaren omenez egin zuen. Filosofoaren ustez, unibertsoko elementu bakoitzaren funtsa gizakian aurki dezakegu, eta ideia horren arabera, badago unibertsoko askotariko eremuen arteko orden kosmologiko bat. Fludd ezaguna zen, halaber, bere ideia filosofikoak eta kosmologikoak, garaiko grabatzaile onenen laguntzaz, grafikoki azaltzen zituelako.
Kiefer 1990eko hamarkadaren hasieran Fludd gai zuten liburuak eta margolanak egiten hasi zen. Liburu honek argazki-sorta bat biltzen du eta horien bidez, ekilore-soro baten hazkundea irudikatzen du. Kieferrek analogia bate gin eta harentzat, ekiloreak Fludden pentsamendua adierazten dute, hots, mikrokosmosaren eta makrokosmosaren arteko harremana badagoela; izan ere, sinbolo horixe erabili zuen Ekiloreak (Tournesols, 1996) lanean. Liburuaren portadak ekilore baten zuri-beltzezko argazki bat erakusten du. Barnealdean, berriz, argazkiek hazten, heltzen eta haziak askatzen ari diren ekiloreen irudiak erakusten dituzte; gainera, Kieferrek benetako ekilore-hazien bidez adierazi ditu aleak, collagean gisa itsatsi ditu orrialdeen gainean. Ekiloreak zimeldu eta galdu egiten dira, eta haziak baizik ez dira geratzen. Hurrengo orrialdean, zeru izartsu baten irudiak ordezkatzen ditu sakabanatutako haziak.