1990eko hamarkadan, Hatoum egitura eta forma soilak erabiltzen zituen, gero eta maizago, bakartzea eta barruratzea adierazteko. Aldi horretako bere lan ugarik etxeko eremuaren espazio anbibalentea aipatzen dute zeharka, edo zehatzago, "etxea" nozioarena, eta zenbaitetan "aberri" ideiarena. Tamar Garb historialariak honako hau dio Hatoumen obrari buruz: "Presio politikoa edo soziala nagusi diren munduaren aurrean babesleku bat eskaintzetik urruti, ‘etxea' ondoezaren lekua da, irtenbiderik ez duen izuaren eta iruzur psikikoaren espazioa". Gure etxea (Home, 1999) instalazioak, Guggenheim Bilbao Bildumakoak, artegatasun hori iradokitzen du, hain zuzen ere. Gure etxea, sukalde baten itxura hartzen du, alegia, edozein etxeren muin emozionala; mahai luze bat da, argitutako metalezko hainbat sukaldeko tresnaz estalitakoa (inbutu bat, arraspagailu bat, guraizeak, iragazki bat, tartak egiteko molde bat) eta elkarlotuta daude korronte elektrikoa pasatzen uzten duten kableen bidez. Programa informatiko batek argitasunaren frekuentzia eta intentsitatea kontrolatzen ditu eta argindarrak sortzen duen durundi hotsa bozgorailu batzuek ozentzen dute. Eskultura altzairuzko alanbre fin eta etzan batzuen atzean dago kokatuta, hesituta balego bezala, ikuslea hilgarriak izan daitezkeen objektu horietatik aldentzeko. Instalazio honek, Hatoumen artean ohiko anbibalentziazko espazioa sorrarazten du, zapuztutako nostalgiaren intimitatea eta bortiztasuna aditzera emateko.