Bilborako instalazioa (Installation for Bilbao) Frank O. Gehryk diseinatutako Guggenheim Bilbao Museoaren eraikinerako lan iraunkor moduan sortu zuen; izan ere, Holzer-ek arkitektura-espazioarekin eta, zehazkiago, museoaren erakunde-gunearekin 1980ko hamarkada-amaieran eta 1990eko hamarkadan hartutako konpromisoa gero eta handiago dela erakusten du. Solomon R. Guggenheim Museum-en antolatutako atzera begirakoan, hainbat sailetako mezu keinukariak jarri zituen LED pantaila batean, museoko arrapala kiribilduko barneko horma tolesean. Holzer-en Bilborako instalazioa aurpegi bikoitzeko argi-diodoz osatutako bederatzi panel bertikalek osatzen dute; bakoitza 12 metrotik gora luze da, eta bitan banatzen dute Gehryren eraikineko galeria altu eta irregularretako bat. Zorutik sabaira goratzen diren zutabeek hesi nabarmena osatzen dute, iragazkorra bada ere, eta haien geometria zurrunak talka egiten du inguruko arkitekturaren kurba organikoekin. Aforismoak, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez, Arnoren aldaera bat dira. Jatorrian, Arno HIESa ikertzeko dirua biltzeko proiektu baterako idatzitako testua da, eta, gero, Florentzian 1996an kanpoan instalatutako proiektu baterako egokitu zen. HIESaren planteamenduak testuinguru hurbila eta tragikoa eskaini arren, testuek, adibidez, "ZURE IZENA AIPATZEN DUT" eta "ZURE ARROPA GORDETZEN DUT", gai unibertsalak gogora ekartzen dizkigute: intimitatea, heriotza eta galera, besteak beste. Sortzen duen kaleko artea museoen testuingurura eramatean, Holzer-ek oinezko arruntenaren aldean oso bestelakoa den ikusleengana zuzentzen ditu bere mezuak. Hala ere, lanaren zati handi batean gertatzen den bezala, Bilborako instalazioak alderdi pribatuaren eta publikoaren arteko muga nabar eta tirabiratsuari buruz ere hausnartzen du.