Kargatzen

Like Beauty In Flames

Jenny Holzer2021

Guggenheim Bilbao

Guggenheim Bilbao
Bilbao, Espainia

LIKE BEAUTY IN FLAMES Jenny Holzer artista estatubatuar ospetsuaren lan berria da. Obra horretan, artistak hizkuntzan oinarritutako bere arte bereizgarria errealitate areagotuaren (EA) esparrura eramaten du. Sorkuntza-lan berezi hori berariaz Guggenheim Bilbao Museorako egin da, eta ex profeso mugikorretarako diseinatutako aplikazio baten bidez ikus daiteke. Errealitate areagotuko hiru esperientzia dakarzkigu: bi obra eraikinean bertan kokapen zehatzetan aktibatzen dira, eta Guggenheim Bilbao Museoaren arkitekturarekin elkarrizketan dihardute; eta hirugarrena munduko edozein tokitatik aktiba daiteke. LIKE BEAUTY IN FLAMES lanak teknologia berria darabil Holzerren jardun nabarmena zabaltzeko; hau da, demokratikoki eta modu irisgarrian hausnartzera daramaten testuak espazio publikoan kokatzeko jarduna.

Lau hamarkadatan baino gehiagotan zehar, Holzerrek hitz idatziarekin esperimentatu du, eta etengabe berritu ditu bere lana erakusteko estrategiak. Testuak batzuetan artistak berak idatzitakoak dira, eta beste batzuetan, berriz, miresten dituen idazleen aipuak. Batzuk zein besteak letra lodiz agertzen dira, edo haren izaera zuzen eta irisgarriagatik hautatutako tipografiak dituzte. 1996an, hitz argidunak paisaian eta arkitekturan proiektatzen hasi zen Holzer, haren lehenengo obrak gogorarazten dizkigun grafiti iragankor bat balira bezala. Lehen obra haietan, kartel anonimoak jarri zituen New Yorkeko kaleetan barrena, bere Truismoak (Truisms) agerian jarriz. Truismoak deiturikoek esaldi bakarrean sintetizatutako 250 baieztapen dituzte, eta erantzun ugari sorrarazten dituzten hainbat ahots eta ikuspegi hartzen dituzte barnean. Artistari beti interesatu izan zaio komunikatzeko modu eta bide ofizialak bereganatzea, hainbat tokitan mezu iradokitzaileak erakusteko; esaterako, albisteen pantailetan, brontzezko plaketan edo harrizko aulkietan, baita elastiko, kondoien bilgarri eta arkatzetan ere. Haren obrak aspalditik du leku garrantzitsua arte publikoan, hein handi batean aldi baterako proposamenak eta eskala handiko proiekzio txundigarriak egin dituelako, edo haren testuak kamioi ibiltarietan erakusten dituzten errotulu digitalak erabili dituelako. Haren adierazpenak ausardiaz durundatzen jarraitzen du, eta behatzaileak ere inplikatzen ditu, irakurtzeko ekintzaren bidez.

Guggenheim Bilbao Museoan, Holzerren LED panel bereizgarrien EAko bertsio bat Atriotik irristatzen da, kurbatu eta kiribilean biratzen den zutabe batean, Truismoak ingelesez, gaztelaniaz, euskaraz eta frantsesez agertu ahala. Museoaren hiru solairuetako bakoitzak esperientzia desberdin bat eskaintzen du, LEDak era batera edo bestera jarduten baitu eraikinaren arkitekturarekin interakzioan, behatzailearen ikuspegiaren arabera. Kanpoaldean, EAko proiekzioak Museoaren fatxadan agertzen dira, eta inguruan kokatutako bost puntutatik datoz, Holzerren For Bilbao (2019) obra monumentala birtualki gogora ekarriz, zeina Zera deskribaezina atzera begirako erakusketaren harira egin baitzen. Artistak EAko proiekzioetarako hautatutako testuak beste egile batzuenak dira: obraren izena, LIKE BEAUTY IN FLAMES, Anna Świrszczyńska poloniarraren “Edertasuna hilzorian” (ingelesez, “Beauty Dies”) poematik hartuta dago. Poema hori Holzerrek ikuskizun ez-material bihurtu dituen idatzi txundigarri ugarietako bat da. Obraren azken zatia munduko edozein tokitatik ikus daiteke, eta, horri esker, erabiltzaileek zuzenean ikus dezakete nola hartzen duten forma Holzerren Truismoak izenekoek espazioan, hondoa edozein dela ere. Aukera berri horrek Holzerrek ibilbide osoan izan duen jardunaren espiritua irudikatzen du: hitza espazio publikoan kokatzea, hausnartzera eta behatzera bideratzeko.

Arduraduna: Lekha Hileman Waitoller

Erakutsi gutxiagoIrakurri informazio gehiago
  • Izena: Like Beauty In Flames
  • Sortzailea: Jenny Holzer
  • Sortze-data: 2021
  • Kokapena: Bilbo, Espainia
  • Dimentsio fisikoak: Neurri aldakorrak
  • Mota: Instalazioa
  • Kanpoko esteka: Artelana Guggenheim Bilbao Museoaren webgunean
  • Materiala: Application de réalité augmentée
  • Artelanaren kokapena Museoan: Atrioa
Guggenheim Bilbao

Eskuratu aplikazioa

Arakatu museoak eta erabili Art Transfer, Pocket Gallery eta Art Selfie eginbideak eta beste batzuk

Orri nagusia
Ezagutu
Jokatu
Inguruan
Gogokoak