Lenin andrea eta urretxindorra (Mrs. Lenin and the Nightingale, 2008) eskuratu zuen 2010ean Guggenheim Bilbao Museoak. Formatu handiko hamasei mihiseko saila da eta konposizio-egitura bera du sailak oinarri: bi gizon buruz behera, zakilak agerian eta eskuak izter gainean. Irudi horren iturria Otto Dix-en Artistaren gurasoak II (Die Eltern des Künstlers II, 1924) erretratu ezaguna da; beste lan askotan bezala, Baselitz-ek artearen historiako aurreko lan bat hartu eta bere modura berrinterpretatu zuen. Lan honetan, jatorrizko irudien ordez, bi diktadore margotu zituen: Vladimir Lenin eta Josiv Stalin, XX. mendeko lehen zatian milioika lagunen heriotza ekarri zutenak. Lehenengoa "Lenin andrea" gisa erretratatu zuen -gonatxoa eta takoidun zapatak daramatza- Lenin mozorrotzea gustuko zuela aditzera emateko. Bigarrena "urretxindorra" da, ahots ona baitzeukan eta oso maite baitzuen poesia; gainera, Johannes R. Becher-en (1891–1958) poema bat dakar gogora Baselitzek, horretan Becherrek urretxindorra balitz bezala deskribatu baitzuen Stalin.
Saileko pintura bakoitzak titulua du. Izenburu horiek hitz-jokoak edo esaldi misteriotsuak dira, eta ez dituzte zuzenean erretratatutako diktadoreak aipatzen; aitzitik, iturri dituzte gaur egungo artisten inguruko hausnarketak edo haiekin artistak izandako topaldiak. Honako artista hauei lotzen zaizkie pinturak: Cecily Brown, Jake eta Dinos Chapman, Willem de Kooning, Tracey Emin, Philip Guston, Damien Hirst, Anselm Kiefer, Jeff Koons eta Piet Mondrian, besteak beste.