Kargatzen

Komodori buruzko bederatzi gogoeta

Cy Twombly1963

Guggenheim Bilbao

Guggenheim Bilbao
Bilbao, Espainia

1950eko hamarkadaren erdialdera, AEBko armadan kriptografo-lanetan ari zela, Cy Twomblyk marra, zirrimarra eta graffiti estiloko lerro aztoratuen bere estiloa sortu zuen. Lerrook, aldi berean, garai hartan nagusi zen Espresionismo Abstraktuaren estilo piktorista eraldatu zuten. 1957an Erromara behin betiko lekualdatu ondoren, Espresionismo Abstraktuaren keinuzko askatasuna historiaren pisuaz konpentsatu zen, eta hari lotuta geratu. 1950eko hamarkadaren bukaerako eta 1960ko hamarkadaren hasierako lan-sail batek Twomblyk historia, antzinako mitologia eta Italiako literatura klasikoari buruz nola lilura gero eta handiagoa zuen agertzen du.

1962 eta 1963 artean, Twomblyren margolanek eta bere erreferente historikoek tonu askoz ilun eta hertsagarriagoa hartu zuten, Twomblyk erailtze historikoak hartu baitzituen abiapuntu, 1960ko hamarkadaren hasierako aldarte ezkorra islatzen zuen joera. Izan ere, orduan gertatu ziren Kubako misilen krisia eta John F. Kennedy presidentearen asasinatzea. 1963ko neguan sortu zuen Komodori buruzko bederatzi gogoeta (Nine Discourses on Commodus) margolan-zikloak bere ibilbide artistikoaren etapa larri eta aparteko horren laburpen-lana egiten du. Ziklo hori Aurelio Komodo (K.o. 161–192) erromatar enperadorearen krudelkerian, eromenean eta hiltzean oinarritzen da. Gatazka, aurkaritza eta tentsioa dira nagusi margolanen konposizioan. Materiazko bi kiribilek pieza bakoitzaren muina osatzen dute. Piezak aldarte aldakorra du: hodeien antzeko egitura patxadatsuetatik hasi eta azken panelean, odola darien zauriak, apoteosi harrotua burutzeraino. Margolanek berezko anabasa- eta ezegonkortasun-estetika duten arren, oso neurritutako egitura bat nagusitzen da konposizioan. Hondo grisak pinturako odol-zurrunbiloak eta impasto gatzatuen zarakarrak konpentsatzen dituen espazio negatiboaren lana egiten du. Hondo-oihal neutro horren gainean, margolanen erdia zeharkatzen duen lerroak konposizioa zatikatzeko orientazio-marraren lana egiten du. Komodo saileko margolan askok zenbakizko sekuentziak dauzkate; zenbaki horiek, bada, artikulatu ohi dituzte pinturen hezurdura osatzen duten saretak, grafikoak eta ardatz geometrikoak.

Sail hau New Yorkeko Leo Castelli Galleryn jarri zen erakusgai 1964ko martxoan eta, garai hartan, Pop Artearen eta Minimalismoaren esklabo ziren amerikar ikusleek behatu zuten. Testuinguru horretan, Twomblyren Komodo saileko margolan esoterikoak eta desordenatuak guztiz tokiz kanpo eta zaharkituta agertzen ziren. Kritika latzak jasan zituzten: Twombly New Yorkeko arte-eszenatik kanpo zegoela irmo adierazi zuten, AEB utzi zuela aditzera eman eta, mezu txobinista argi eta garbi batean, pintura horiek "Europa zaharretik" inportatu zituela azaldu zuten. Narrazioaren eta sekuentziaren mende daudenez, ez bide zuen asko lagundu margolanak Castelli Galerian nahastuta instalatu izana; ondorioz, ibilaldia oro har ulertezina gertatu zen.

Harrera iraingarri horren ondoren, Komodo margolanak, saldu gabe geratu eta erbestera, Italiara, itzuli ziren. Lanei eta haien ondorengoei buruzko eztabaidak oihartzun itzela izan zuten Twomblyren pinturan eta ibilbide artistikoan; izan ere, harrezkero, bere lan-ekoizpena murriztu zuen hurrengo bi urteetan. Egoera horrek bere geroko joera-aldaketa eragin zuen: pintura "gris" delako saila sortzea. 1977 eta 1978ko uda arte, Whitney Museum of American Art-en atzera begirako erakusketa bat prestatzen zebilen bitartean, Twomblyk beste multzo historikorik sortu zuen: Berrogeita hamar egun Iliamen (Fifty Days at Iliam). Whitneyko 1979ko atzera begirakoa ireki zenean, Komodo bere pinturak erakusgai jarritako bigarren aldia zuen.

Urte asko igaro behar izan dira Komodo margolanen benetako inpaktua agerian gera dadin. Egun, 1960ko hamarkadako lehiak eta eztabaidak atzean utzi dira eta orduko liskar horiek ez dute jada Twomblyren arte piktorikoaren sendotasuna iluntzen. Komodo pinturek, Twomblyren garaikideek bigarren mailakotzat edo aldrebestzat jotzen zituzten arren, toki nagusi eta paregabea dute gerraosteko pinturaren historian.

Erakutsi gutxiagoIrakurri informazio gehiago
  • Izena: Komodori buruzko bederatzi gogoeta
  • Sortzailea: Cy Twombly
  • Sortze-data: 1963
  • Kokapena: Bilbo, Espainia
  • Dimentsio fisikoak: 134 x 204 cm
  • Mota: Margolana
  • Kanpoko esteka: Artelana Guggenheim Bilbao Museoaren webgunean
  • Materiala: Olio-pintura, arkatza eta argizarizko arkatza mihise gainean
  • Artelanaren kokapena Museoan: 306. aretoa
Guggenheim Bilbao

Eskuratu aplikazioa

Arakatu museoak eta erabili Art Transfer, Pocket Gallery eta Art Selfie eginbideak eta beste batzuk

Orri nagusia
Ezagutu
Jokatu
Inguruan
Gogokoak