Kargatzen

Itsaso gorakorra

El Anatsui2019

Guggenheim Bilbao

Guggenheim Bilbao
Bilbao, Espainia

El Anatsui artista garaikideak (Anyako, Ghana, 1944) sei hamarkada daramatza kulturaren eta baliabideen arteko zatiketa gainditzen duen lengoaia plastiko bat lantzen. Anatsui metalezko eskultura bereizgarriengatik da ezaguna, batez ere. Afrikar molde artistikoetan sustraitutako eskulturak dira, baina, aldi berean, estetika garaikide globala abiapuntu hartuta hark eskultura ulertzeko duen berezko ikuspuntuaren emaitza dira. Artistak prozesu tekniko harrigarri bat baliatzen du, Afrikaren kolonizazioaz aurreko eta ondorengo historiarekin loturiko kontzeptuak ardatz harturik. Haren lanaren erdigunean, indar global kolonizatzaileek eta postkolonialek afrikar kulturetan izan duten inpaktuari buruzko eta pertsonen nahiz naturaren erresilientziaren eta hauskortasunaren arteko dualtasunari buruzko gogoeta dago..

El Anatsuik berak adierazi duenez: “Modu kontzientean nahiz inkontzientean, artistak beti bilatzen ditu ideia zaharrak aurkezteko modu berriak […] ingurune berri bat, edo prozesu berri bat, edo modu organikoan sortzen den ideia berri bat”. 1998an, botatako likore-botilen tapoi pila bat topatu zuen artistak halabeharrez. Material hori lautzeko, bihurritzeko, zapaltzeko eta, gero, aluminiozko elementuak kobre hariz elkarri josteko lan neketsua estudioko laguntzaile talde batekin egin zuen. 2002an erakutsi zituen likore-botiletatik ateratako aluminioz egindako lehenengo eskulturak. Harrezkero, bere jarduna zabaltzeko asmoz, bere praktikan erabiltzen dituen materialak ugaritzen jarraitu du Anatsuik, poskontsumoko beste material batzuk erabiliz, hala nola botilak zigilatzeko erabilitako metalezko tirak, esne lurrunduaren ontziak edo inprimatzeko xaflak.

Itsaso gorakorra egiteko, artistak bizi eta lanean diharduen Nsukka (Nigeria) hiri osoko pertsonak hartu zituen lanerako, eskultura ia osotasunean osatzen duten likore-botilen tapoiak ehun zitzaten: taldeko prozesu bat izan zen, eta urtebete inguru iraun zuen. Hala, hiru panel handi osatu zituzten; gero, denak elkartuz azalera zabal bakar bat osatu zuten, eta argia turrustan islatzen da horren gainean.

Artistaren piezarik berrienetako bat da Itsaso gorakorra, eta handienetakoa ere bai. Obraren goialdeko zerrenda zilar-kolore distiratsuak zerua oroitarazten du, olatu zuri mateek etendako zeru bat, eta azpialdeko kolore-marka urriak estali egiten ditu ia osorik, zeinek iradokitzen baitute hiriren bat dagoela zerumugan. Piezaren oreka bisuala ez dator bat obraren izenburuarekin: hain zuzen ere, Itsaso gorakorra izenak gogora dakarkigu —edo akaso ohartarazpena egin nahi digu— instant batean eralda daitezkeela natura eta zibilizazioak. Obraren tamaina itzelak, horrenbestez, klima-aldaketaren neurria ematen digu.

Erakutsi gutxiagoIrakurri informazio gehiago
Guggenheim Bilbao

Eskuratu aplikazioa

Arakatu museoak eta erabili Art Transfer, Pocket Gallery eta Art Selfie eginbideak eta beste batzuk

Orri nagusia
Ezagutu
Jokatu
Inguruan
Gogokoak