Gerhard Richter-ek irudi oso eklektikoak, itxuraz lotuezinak, sortzen ditu: irudi figuratiboak —esaterako, paisaiak—, keinua nabari den pintura abstraktuak eta lan monokromoak. Hori dela eta, haren lanak ez dira estilo "pertsonal" batekin identifikatzen eta artearen historiaren diskurtso arautzailetik at daude. 1960ko hamarkadaren hasieran, ikaskide Konrad Lueg eta Sigmar Polke-rekin batera, Richter-ek hedabideek sortutako irudien ugalketari erantzuna eman zion. Horretarako, Errealismo Kapitalista izendatu zutena landu zuten, eta kontsumismoaren kulturaren arbuiatu zuten. 1960 eta 1970eko hamarkadetan, Richter-ek hedabideetatik hartutako irudiak baliatzen jarraitu zuen pinturaren eta argazkigintzaren arteko erlazioa arakatzeko.
1968 eta 1970eko artean, argazkiak gero eta gehiago erabiltzen zituen pintura figuratiboak egiteko; orduan sortu zuen itsas paisaien lehenengo saila. 1975ean, baita 1998an ere, gai hori berreskuratu zuen, eta tamaina handiagoko bi itsas paisaia egin zituen Tenerifen ateratako argazkietan oinarrituta. Pintura horietako batek, San Francisco Museum of Art-en bildumakoak, harkaitzezko itsasertz bat jasotzen du; Guggenheim Bilbao Museoren Bildumako Itsas paisaiak, aldiz, itsasoaren hedadura mugagabea aurkezten die ikusleei: zeru leunaren azpian olatu gutxi batzuk daude.
Hodeien eta paisaien irudiek bezala, Richter-en itsas paisaiek XIX. mendeko alemaniar erromantikoen obra ekartzen dute gogora, adibidez, Caspar David Friedrich-ena. Friedrich-en pintura ebokatzaileak eta aldartetsuek gizakiaren eta natura itzel eta espiritualaren arteko topaketa agertzen dute; Itsas paisaiak ere halako sentsazio bat transmititzen du, sublimea da, irudikatutako ingurunearen handitasuna eta mihisearen tamaina izugarria direla eta.
Lan honek ia hiru metro koadroko gainazala betetzen du, eta Friedrichen astoko zein tamaina arrunteko pinturak itzalpean uzten ditu. Tamaina handiaren eta lanaren konposizio soilaren ondorioz, Mark Rothkoren pintura abstraktu handiekin parekatu dute. Pintura horiek ezaugarri zituzten kolorezko planoen metaketak; Robert Rosenblum arte-historialariak, hain zuzen, Friedrichen obrarekin modu gogoangarrian erlazionatu zituen, eta "iparraldeko tradizio erromantiko" zabalago batean sailkatu.
Friedrichek bere paisaiak argitasun eta xehetasun nabarmenez definitzen zituen arren, Richter-ek gomazko eskuilaz lausotzen ditu. Teknika bitxi horren bidez, argazkiaren eta pintatuaren arteko muga ezkutatzen du; izan ere, artistaren zertzeladaren aztarnaren ordez, argazkiaren manipulazio mekanikoa gogora ekartzen duen egiteko modu despertsonalizatua erabiltzen du Richterrek. Nahasmen horrek adierazpidearen izaera eta irudikatutakoaren benetakotasuna auzitan jartzen ditu; hartara, Richterren aurrekari erromantikoek hezurmamitzen dutenetik nahiko bestelakoa den natur munduarekiko erlazio bat iradokitzen du. Horrek ez du esan nahi Richterren lanek naturaren ikuspegi estetiko tradizionalik ez dutela. 1970ean egindako elkarrizketa batean, paisaia-pinturara zergatik aldatu zen galdetu ziotenean, artistak soilik esan zuen: "Zerbait ederra margotu nahi nuen". Noizbait adierazi duenez, bere paisaia eta natura hiletan, oro har, "malenkonia" edo "nostalgia" hartu zituen inspirazio-iturri, berreskuratu ezin den zerbaiten galera iradokitzeko.