Bai arpoia, bai xixta (dardoa edo lantza ere deitua) zurezko makil luze bati iltzatutako burdinazko puntak dira, berreskuratu ahal izateko soka bat dutenak. Erdi Aroan zehar, balearen arrantza funtsezkoa izan zen euskal kostaldeko herrien ekonomiarentzat, armarriek erakusten duten bezala. XVI. mendean baleak urri ziren eta 1530etik XVIII. mendera arte, baleontziak Ternuara joaten ziren, Atlantikoaz bestaldera. Azken balea 1901ean arrantzatu zuten, Orion.
Arpoiak gezi forma duenez, behin sartuta, zaila da erortzea. Modelo hau XVIII. mendera arte erabili zuten; sartzean atzera egiten zuen eta hegalak gehiago zabaltzen zituen baliabide bat erabiltzen hasi ziren arte, ustekabean ateratzea are zailagoa baitzen.
Xixtak kontrako funtzioa betetzen du: arpoia sartu ziotenean eta harrapakina segurtatuta zegoenean, era honetako lantzak behin eta berriz jaurtitzen zizkioten, animalia odolusteko eta ahultzeko zauri ugari egiteko, harrapatzen errazagoa izan zedin.
Bi piezak 1916an sartu ziren San Telmo Museora, 1879an fundatutako "Sociedad Humanitaria de Salvamentos Marítimos de Guipúzcoa” elkarteak dohaintzan emanda.
Erreferentzia bibliografikoak:
Martín Bermejo, Iñaki. Arrantza eta itsasoa Euskal Herrian = La pêche et la mer en Euskal Herria = La pesca y el mar en Euskal Herria. Revista internacional de los estudios vascos. 47,1 (2002), 198-200.
Arrinda Albisu, Anastasio. Euskal Herria eta arrantza. [Donostia-San Sebastián] : Donostia Aurrezki Kutxa = Caja de Ahorros Municipal, 1977. 261.
Azpiazu, José Antonio. Balleneros vascos en el Cantábrico. Donostia : Ttarttalo, 2000. 172.
Azkarate, Agustín ; Hernández, José Antonio ; Núñez, Julio. Balleneros vascos del siglo XVI : (Chateau Bay, Labrador, Canadá) : estudio arqueológico y contexto histórico. Vitoria-Gasteiz : Servicio Central de Publicaciones del Gobierno Vasco, 1992.261.
Inbentario-zenbakia: STM-009485-001, STM-009486-001