Bi ibaien lurra (Zweistromland, 1995) lanak Tigris eta Eufrates ibaiek mugatzen duten lurrari egiten dio erreferentzia, hori izan baitzen antzinako Babiloniaren sehaska, Gilgameshen aberria, judaismoarentzat eta kristautasunarentzat eskualde erabakigarria. Kieferrek, hain zuzen, Gilgameshen kondaira aztertu zuen Gilgamesh eta Enkidu zedro-basoan II (Gilgamesch und Enkidu im Zedernwald II, 1981) lanean (Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumakoa hori ere bai). Dena dela, lurralde horretan, Mesopotamian, asmatu zuten sumertarrek idazkuntza K.a. laugarren milurtekoan eta Kieferren pinturek eskualde hori, bertako zibilizazioak eta idatzizko kulturaren sorrera ekartzen dituzte gogora. Mihisearen izenburua idatzizko hitzaren erreferentziatzat jo dezakegu; izan ere, idatzikoak zibilizazioak eta garaiak gainditzen dituen aztarna iraunkorra uzten du. Lan itzel horrek izen bereko eskultura bat izan zuen aurretik: berunezko liburuz osatuta zegoen eta, hartara, idatzizko hitzaren eta historiaren iraunkortasun-sentsazioa ematen zuten aditzera.