Ballesterrek espazio hutsaren poesia bilatu nahi zuen, eta hori izan zen Ezkutuko txokoak sortaren iturburua. Artearen historiaren maisulanen interpretazioak dira: iraganeko pinturen argazkiak digitalki landu ditu, hutsune kezkagarriak sortzeko helburuarekin. Diego Velazquezen Meninak (1656) lanak, besteak beste, iragan mendetako pinturak aztertzeko aukera eman dio Ballesterri, bere historia-aroari muzin egin gabe. Velazquezen lanik famatuenetakoa da Meninak; konposizio konplexua dauka, eta perspektibaren erabilera miresgarrian, argiarekin eginiko joko bikainean eta atmosferaren irudikatzean oinarritzen da. Paretako pinturek noblezia kutsua iradokitzen dute, eta XVII. mendeko Europako artista onenen inguruko jakintza azaltzen dute; aitzitik, pintatutako eremuaren sakontasuna, hots, arreta erdiguneko irudi eta objektu mugatu izana eta atzealdea desitxuratu izana, argazkigintza-tekniken aurrerapena dugu.