Titulurik gabea Kounellisek 1988ko Veneziako Bienalari egindako ekarpena izan zen eta Italiako pabilioiaren areto batean, bakarrik, jarri zuten ikusgai. Lana xafla metaliko berdinen lerro batek osatzen du: horman zorutik altuera jakin batera muntatutako xafla bakoitzak ohe baten tamaina dauka gutxi gorabehera, gorputzaren presentzia adierazteko. Panel bakoitzean, ikatzez betetako sei zaku daude, eta I itxurako haga batzuek eusten diete. Kounellisen lanean ohikoa den konbinazio bat da: errepikatzen diren modulu-unitatei —AEBko Minimalismoa gogorarazten dute euren itxura industriala eta zatarra dela eta— gainjartzen zaizkie zaku desberdinak, irregularrak, eta horiek daukaten gai organikoak. Titulurik gabea lanak artistak ikatzari buruz daukan interes etengabea uzten du agerian. Ikatza suari hertsiki lotutako lurreko energia-hondar bat da eta eraldatzeko eta aldatzeko ahalmena iradokitzen du. Kounellisek, gainera, lan honen inguruan hitz egin duenean eliza-arkitekturaren eta -artearen tradizioa aipatu izan ditu: esan duenez, horman panelak horrela jartzeak erlazioa du XIV. mendeko Italiako pinturak eskegitzen ziren altuerarekin, eta gainera, instalaziotik ibiltzea eta eliza gotiko bateko triforiotik pasatzea parekatu ditu.