Titulurik gabea (Rhin ibaia) [Ohne Titel (Der Rhein), 1982] lanak bi zati oso desberdin ditu. Behealdean Rhin ibaia dugu, ohiko sinbolo bat Kieferren 1960ko hamarkadaren amaierako lanetan. Ibaiak, bada, garrantzia biografikoa du artistarentzat, haren ingurumarietan jaio eta hazi baitzen. Lan honetan, baina, erromantizismoan eta ondorengo mugimendu nazionalistetan ibaiak izan zuen balio sinbolikoa ere berreskuratzen du. Goialdean, ibaiaren gainean, eraikin bat dago: horren itxurak erregimen naziak gogokoen zuen estiloa gogora ekartzen du, hots, Speer eta Wilhelm Kreis arkitektoak, besteak beste, adierazle izan zituen estiloa. Beraz, Kieferrek naturaren bizi-zikloa, ibaiaren bidez aditzera ematen dena, eta nazismoa arautzat ezartzen saiatu zen dogmatizazio estetikoa ondoz ondo jartzen ditu.
Lanean erabilitako baliabideak berak Alemaniako historiari egiten dio erreferentzia: xilografía Alemaniako arteari oso lotuta dagoen bitarteko tradizional bat da: Alberto Durero Errenazimentuko artista handitik hasi eta XX. mendeko espresionistetara —adibidez, Ernst Ludwig Kirchner—. Lan hau askotariko xilografia-grabatuek osatzen dute, irudi oso bat ekoizteko mihiseari itsatsi zaizkio eta horien ertzak apur bat antzeman daitezke. Artistak, gainera, baliabidea are gehiago nabarmentzeko, inprimatutako zurezko markoaz inguratu du irudia.