1962tik 1973an hil zen arte, Lipchitzek tamaina neurrigabeko eskultura publikoak sortu zituen AEBn eta Israelen. Horien artean, Herriaren gobernua nabarmentzen da, Filadelfia hiriak udaletxe aurreko Udal Zerbitzuen eraikina dagoen plazarako 1967an aginduz eskatu zion lana. Bere ohiko prozesuari jarraituz, Lipchitzek igeltsuzko hainbat zirriborro egin zituen eskulturaren diseinua garatzeko, eta horietako bi brontzez galdatu zituen. Brontzezko bi estudio horietako lehena (gorputz txirikordatuen dorrea) "totem baten modukoa"[1] zela azaldu zuen Lipchitzek, eta Filadelfiako bandera du gorenean. Bigarrenean, Herriaren gobernua eskulturarako lanerako maketa lanean (zazpi kopia egin zituen eta horietako bat Guggenheim Bilbao Bilduman dago), hain zuzen, etzanda dauden giza irudien talde bihurtu da bandera. Irudi horiek eskulturaren azken bertsioan gorde ziren. Horretarako, artistak tamaina naturaleko eredu bat egin zuen 1973an hil baino lehen. Galdaketa, muntaketa eta instalazioa, berriz, hil ondoren egin ziren, 1976an, Lipchitzen alargunaren gainbegira pean.