Gordailuko bilduma etnografikoak: lana

Erakusketa txiki honek lanari erreparatzen dio; hartara, industriaurreko euskal tresna eta erreminta zenbait ikusgai jartzen du.

Museoa: Gordailua, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa

Gordailua, Centro de Colecciones Patrimoniales de Gipuzkoa

Soraluze. Baserritarrak soroan lanean Arritxa baserrian. (1949). Egilea: Indalecio Ojanguren.Gordailua, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa

Lan eta jan, jan eta lan esaerak oinarrizkoena –jatekoa– lortzeko ere ahalegin handia egin behar zen garaietara garamatza. Izan ere, garai haietan lan guztiak eskuz edo animalien laguntzaz egiten ziren.

Donibane Lohizune (1852). Egilea: Helene Feillet.Gordailua, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa

Eskuzko lana

Industria garatu ahala, artisau-jarduerek garrantzia galdu zuten, seriean fabrikatutako produktuek eskuz egindakoak ordeztu ez ezik, jarduera ekonomiko berriek lehengo lanbide zahar asko baztertu zutelako.

Saskiak (XX. mendea). Egilea: Ezezaguna.Gordailua, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa

Lanbide batzuek ozta-ozta iraun zuten, eskaintzen zituzten produktuak jadanik erabiltzen ez zirelako edo industrialki fabrikatzen zirelako, ia beti beste material batzuk erabiliz (saskigintza kasu).

Emakumeak saskietan merkantziak garraiatzen, bi astok lagunduta. (XIX-XX. mendeak). Egilea: Miguel Aguirre Aristiguieta.Gordailua, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa

Saskiak asko erabiltzen ziren mota guztietako produktuak kontserbatzeko edo leku batetik bestera eramateko, baserrietan, merkatuetan, okindegietan, arrain-salmenta ibiltarian, etab.

Asto-otarrea (XX. mendea). Egilea: Ezezaguna.Gordailua, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa

Materialak aldatzeaz gainera, garraiobideen mekanizazioaren eraginez, saskigintzako produktu zehatz batzuk ia erabat desagertu dira; hala nola, arrain bakoitzerako saski bereziak edo zamariei jartzen zitzaizkienak.

Ehungailua (XIX - XX. mendeak). Egilea: Ezezaguna.Gordailua, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa

Kasuren batean, lanbideari eusteak aukera ematen du beste produktu mota bat eskaintzeko, seriean fabrikatutakoa ez bezalakoa. Adibidez, artisau-eran egindako ehunak bakarrak eta esklusiboak dira, erabilitako materialagatik eta eskulanagatik.

Goruak (XIX-XX. mendeak)Gordailua, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa

Ehungintza izan zen industrializatutako lehenengo jarduera ekonomikoa, XVIII. mendean. Hala ere, XX. mendearen hasierara arte, eskuz iruten jarraitu zuten emakumeek, zituzten baliabide ekonomiko urrien osagai: “arian-arian haria egiten da".

Irazkitzeko tornua (XIX - XX. mendeak). Egilea: Ezezaguna.Gordailua, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa

Goruak ugariak ziren, baina tornu gutxi aurkitzen zen, gailu berezia baita, zuntzak ehun bihurtzeko prozesu luze eta neketsuan ehundegian irazkia egiteko ez bestetarako erabilia.

Gizon bat iruntzen, 1930ean Bergaran egin zen Eusko Ikaskuntzaren V. kongresua zela eta, herri-arteari buruz egin zuten erakusketan. (1930). Egilea: J. García.Gordailua, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa

Ehungintzarekin loturiko lan guztietatik, ehulearen beraren lanbidea izan da gizonezkoek egin izan duten bakarra, hain zuzen ere.

Soinekoa (XX. mendearen lehen erdia). Egilea: Ezezaguna.Gordailua, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa

Sukaldaritza bezala, joskintza tradizionalki emakumeen lana izan da, eta ia beti anonimoa. XX. mendean, ordea, "moda" sortzearekin batera, jostun batzuen izenak oso ezagunak egin ziren, ia beti gizonezkoenak, sukaldaritzan bezalaxe hori ere.

Bellota, segalarien kuttuna (XX. mendea)Gordailua, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa

Produktu industrialekin eskuz lan egitea

Eskuzko tresna gehienak ez dira desagertu, baina material eta fabrikazio-teknika industrialez eginak dira. Legazpiko (Gipuzkoa) Patricio Echeverría fabrika ezagunaren “Bellota” marka da horren adibide onenetakoa.

Aingura (pikatxoa) (XX. mendearen lehen erdia). Egilea: Ezezaguna.Gordailua, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa

Euskal Herriko burdinoletan egindako produktu garrantzitsuenetakoak aingura handiak izan baziren ere, gehien-gehienak xumeak izaten ziren, material sinpleez eginak; haatik, oso praktikoak ziren, eta orain dela gutxira arte erabili izan dira.

Ogia oratzeko makina (XX. mendea). Egilea: Ezezaguna.Gordailua, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa

Makina batzuek oso antzekoak izaten jarraitzen dute. Gaur egungoek motorra izaten dute, eta errazago garbitzen diren materialez eginda (adibidez, altzairu herdoilgaitzez); baina, gainerakoan, formaz eta funtzioz oso antzekoak dira.

Aizkolariak Goiatzen. (XX. mendea). Egilea: Marqués de Santa María del Villar.Gordailua, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa

Basoko lanak duela zenbait hamarkada mekanizatu ziren (zuhaitzen mozketa, garraioa, zuraren tratamendua... ).

Aizkora (XX. mendearen bigarren erdia). Egilea: Ezezaguna.Gordailua, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa

Euskal Herriko aizkorek, modu industrialean fabrikatuagatik ere, eusten diote bere-berezko itxurari. Oraindik orain erabiltzen dira noizean behingo lan txikietan eta aizkolari-probetan.

Aizkolariak Goiatzen. (XX. mendea). Egilea: Marqués de Santa María del Villar.Gordailua, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa

Aizkorak ez bezala, bi lagunen artean enborrak mozteko erabiltzen ziren zerrak, arpanak, trontzak, ia erabat desagertu dira.

Zerra (XX. mendearen bigarren erdia). Egilea: Ezezaguna.Gordailua, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa

Motozerrek hartu zuten haien lekua, eta herri-kiroletako erakustaldi edo lehia batzuetan baino ez dira erabiltzen.

Mirandaola. Aintzinako burdinola. Legazpi (1959). Egilea: Juan San Martin.Gordailua, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa

Tresnarik moldakorrena

Hautsi, ireki, zulatu, zapaldu, zorroztu nahi den zerbait kolpekatzea da, agian, jarduera eraldatzailerik zaharrena. Sinple bezain eraginkor, zahar bezain egungo; mailua beti egokitzen da zeregin jakinetara, materialaz, tamainaz, formaz, heldulekuaz…

Mailua (XX. mendea)Gordailua, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa

Lanbide bakoitzak bere mailua dauka, eta, maiz, bat baino gehiago. Izan ere, zerbait egiteko, indar zehatz bat aplikatu behar da material jakin bakoitzaren gainazalean. Mailu hau Donostiako Platería Satostegui enpresakoa da.

Zapatagintzarako mailua (XX. mendea). Egilea: Ezezaguna.Gordailua, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa

Zapatagintzan ere, mailu mota bakoitzak funtzio jakin bat du. Gordailuan, bi zapatariren erremintak gordetzen dira; bata Donostiakoa zen, eta bestea, Burundakoa (Nafarroa).

Mutxarda-mailua (XX. mendea). Egilea: Ezezaguna.Gordailua, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa

Kasu batzuetan, tresna mantentzen da, baina kolpekatzeko gailua aldatzen zaio, oso erasana dagoelako edo efektu desberdinak lortu nahi direlako; adibidez, harria zulatzeko mutxarda-mailu hau.

Aizkora mailuburua (XX. mendearen lehen erdia). Egilea: Ezezaguna.Gordailua, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa

Badago pertsona zehatz batentzat egindako mailurik ere. Halakoak, jabearen behar eta ezaugarrietara egokitzeaz gain, erabilera hutsaz haratago, prestigiozko tresnatzat har litezke.

Laialariak. (1915). Egilea: Indalecio Ojanguren.Gordailua, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa

Traste zaharra kultur ondare

Lanbide edo jardunbide batzuk desagertu diren neurrian, haiexei loturiko lanabes asko ondare bihurtu dira, lan haiek izan zuten garrantzia gaur egun ulertzen laguntzen digute eta.

Laia pareak (XIX-XX. mendeak). Egilea: Ezezaguna.Gordailua, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa

Lehen, laia parea erabiltzen zen lurra goldatzeko. Gaur egun, ordea, tresna mekanikoekin edo erabilera gehiagoko beste tresna batzuekin goldatzen da lurra, baita baratze txikietan ere.

Baserritar bat idiek tiratako bi gurdirekin. (XX. mendea). Egilea: Gregorio González Galarza.Gordailua, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa

Ia ez da animaliek bultzatutako gurdirik ikusten, ezta baserrietan ere.

Gurpilak (XIX-XX. mendeak). Egilea: Ezezaguna.Gordailua, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa

Desagertu baino askoz lehenago ere hasiak zitzaizkien gurdiei gurpil pneumatikoak jartzen, euskal gurdien bereizgarri ziren gurpil beteek asfaltozko errepideak narriatzen zituzten eta.

Joareak (XX. mendea). Egilea: Ezezaguna.Gordailua, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa

Batzuetan, artisau-ofizioa mantendu izan da produktuak eskaria duelako, nekazaritzan edo abeltzaintzan izandako aldaketa guztiak gorabehera. Adibidez, oraindik ere zintzarriak erabiltzen dira mendiko abereak non dauden jakiteko.

Alegiko nekazariak aziendarentzako zintzarriak egiten. (1915). Egilea: Indalecio Ojanguren.Gordailua, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa

Era industrialean fabrikatuak badiren arren, zintzarriak egiteko ofizioak nolabait eutsi dio, bezero askok bere gustu eta beharretara egokitu nahi izaten baitu zintzarri bakoitzaren soinua.

Joareak (XX. mendea). Egilea: Ezezaguna.Gordailua, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa

Zumitzez egindako lepokoak ere ikusten dira oraindik, larruz eta beste material sintetiko batzuez egindakoez gainera.

Behiak Pirinioetan, udako larreetara igo baino lehen (2017). Egilea: Xabier Kerexeta.Gordailua, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa

Hala ere, abeltzainek jadanik ez dituzte pirograbatu bidez egiten apaingarriak –edo, agian, jadanik interpretatu ezin ditugun sinboloak–; orain margotu egiten dituzte.

Baleak arrantzatzeko arpoi eta xixta (XIX. mendea). Egilea: Ezezaguna.Gordailua, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa

Lanbide batzuk, mekanizatu gabe, aspaldi desagertu dira, gure inguruan bai, bederen. Lanbide haietan erabiltzen ziren objektuak etnografikotzat eta era berean historikotzat hartzen dira. Hori da, adibidez, balea arrantzatzeko tresnen kasua.

Zepoak (XIX - XX. Mendeak). Egilea: Ezezaguna.Gordailua, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa

Beste jarduera batzuk, berriz, teorian ez dira praktikatzen, legez kanpokoak baitira. Hala eta guztiz ere, oraindik badira tranpak erabiltzen dituzten isileko ehiztariak.

Arburuko Gainako mugarriak (Irun) (2017). Egilea: Xabier Kerexeta.Gordailua, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa

Mugarriak berez ez dira desagertu, eta beren funtzioa betetzen jarraitzen baitute. Dena den, duela hainbat hamarkada hasi ziren harrizkoak ez baina zementuzkoak erabiltzen. Askotan, mugarri zaharrak ikusten dira berrien ondoan.

Artamugarria (XVII-XVIII. mendeak). Egilea: Ezezaguna.Gordailua, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa

Saroiak lursail biribilak izaten ziren, erdian mugarri bat eta, hura inguratuz, beste hainbat izaten zituztenak. Lurrak mugatzeko modu hari aspaldi utzi zitzaionez, sarritan halako mugarriak jatorrizko tokitik erauzi dituzte.

Egileak: istorioa

GORDAILUA

Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa
Gipuzkoako Foru Aldundia

Bazkideak: teknika guztiak
Zenbait kasutan, hirugarren alderdi independenteek sortu izango dute istorioa, eta haiek ez dute zertan islatu edukia hornitzen duten erakundeen pentsamolde bera. (Hemen behean agertzen dira erakundeak.)
Arakatu gehiago
Erlazionatutako gaia
Spain: A Crossroads of Culture
From sights to sounds to smells, experience Spanish culture in every sense
Ikusi gaia

"Visual arts" gaia interesatzen zaizu?

Jaso berritasunak Culture Weekly-ren buletin pertsonalizatuarekin

Dena prest!

Zure lehenengo Culture Weekly buletina aste honetan iritsiko da.

Orri nagusia
Ezagutu
Jokatu
Inguruan
Gogokoak